undefined

Garitano: “Baikorrak gara; lan ona egin dugu”

Garitano: “Baikorrak gara; lan ona egin dugu”

Etenaldiaren ostean Athleticek ligako bolada onari eutsiko diola uste du entrenatzaile zuri-gorriak, nahiz eta Mallorcaren arriskuez ohartarazi: “Dinamika irabazlea dute”

Gaizka Garitanok prentsa agerraldia egin du Athleticek bihar Mallorcaren aurka jokatu aurretik (Son Moix, ostirala, 22:00etan) egin duen azken lan saioaren aurretik. Entrenatzaile zuri-gorriak errespetu hitzak izan ditu lehen mailara igo berri den taldearentzat eta azken bi denboraldietan izan dituzten arrakastak ekarri ditu gogora: “24 hilabete daramatzate garipenaren bidetik eta horrek egiten duzun lanarekiko konfiantza ematen dizu. Dinamika irabazlea dute eta oso garrantzitsua da hori. Ez da batere erraza egin dutena, bi igoera jarraian.  Eibarren aurka irabazi, Errealaren aurka galdu eta nahiz eta Valentziaren aurka galdu zuten, oso ondo jokatu eta irudi ona eman zuten. Lehen mailako gainontzeko taldeek bezala zailtasunak sortuko dizkigu, baina lan ona egitera eta partidua irabaztera goaz hara. Baikorrak gara; lan ona egin dugu aste osoan zehar”.

Liga etenaldiak ez duela Athleticen bolada ona zapuztuko uste du Garitanok. Halaber, talde zuri-gorriaren hamaikakoa azken jardunaldikoaren “oso antzekoa” izango dela iragarri du: “Normalean ondo aritzen gara etenaldien ostean. Dena den, guk argi dugu zein den gure norabidea eta oreka mantentzen saiatzen gara beti, berdin du goian edo behean egon. Ondo hasi gara, baina txapelketak gure tokian jarriko gaitu jardunaldiak igaro ahala”.