undefined

Garitano: “Taldearen sentsazioak oso onak dira”

Garitano: “Taldearen sentsazioak oso onak dira”

Athletic Clubeko entrenatzaileak Deportivo Alavesen “defentsaren fidagarritasuna” goraipatu du babazorroen aurkako partidaren aurretik

Gaizka Garitano hedabideen aurrean azaldu da gaur arratsaldean San Mamesen LaLiga Santanderreko 5. jardunaldian Deportivo Alaves bihar hartu aurretik (18:30ean). Bere aurkariari buruz, defentsan erakusten ari den “fidagarritasuna” goraipatzeko hitz onak izan ditu entrenatzaileak: “Atzean gogor aritzen dira, jendea pilatzen dute, eta zaila da hor sartzea”; alde horretatik, pasa den denboraldiko azken partidetan eta aurtengoaren hasieran arabarrek jaso duten gol kopuru txikiaren inguruan mintzatu da ere. Gainera, kontu handiarekin ibili beharko direla esan du, “luze asko jokatzen dutela eta atzetik ez dute jokatzen; kontraerasoekin eta baloi geldikako jokaldiekin kontuz ibili beharko gara”.

Aste batean ligako hiru partida izanda, Garitanori errotazioei buruz galderak egin dizkiote: “Bakarrik partida hau dut buruan, gero gerokoak eta Leganesen aurkakoan pentsatuko dugu. Hamaikako onena jartzen saiatuko gara; oso pozik nago jokalariekin, edozein sartu daiteke”. Biharko baja seguru baten inguruan, De Marcos, “ondo dago eta gaur entrenatuko du baina orkatilean lesio batzuk izan ditu eta ez dugu akatsik egin nahi, ondo bueltatzea nahi dugu, minik gabe, hilabete asko gelditzen dira oraindik”. De Marcosekin batera, San Jose ere ez da erabilgarri egongo bizkarrean dituen molestiengatik.

Athletic Cluben inguruan, Garitanok adierazi du “taldearen sentsazioak oso onak direla eta horregatik sailkapeneko goiko postuetan gaude; daramagun dinamikan jarraitu behar dugu”.