
“Lan ona eginez gero, garaipena gertu izango dugu”
“Lan ona eginez gero, garaipena gertu izango dugu”
Valentziaren aurka San Mames Athletic Cluben gotorleku izaten jarraituko duela uste du Gaizka Garitanok, sei egunetan zuri-gorriek jokatuko duten hirugarren norgehiagokan
“Eurek irabazteko beharra dute, baita guk ere”. Athleticek bihar Valentziaren aurka (San Mames, 13:00etan) izango dituen aukeren inguruan mintzatu da entrenatzaile zuri-gorria. Garitanok taldeak orain arte etxean erakutsitako sendotasuna nabarmendu du partidako giltzarri gisa: “Beti esaten dudan bezala, lan ona eginez gero, garaipena gertuago izango dugu. Valentziak txapelketako jokalari onenetarikoak ditu, zelai erditik aurrera batez ere. 8-10 golegile ditu, eta hori ez da ohikoa”.
Garitanorentzat erabateko garrantzia izango du bihar jokalarien egoera fisikoak. Sei egunetan hiru partida jokatuko ditu Athleticek: “Leganesen aurka 4-5 aldaketa egin genituen hamaikakoan, bihar oso garrantzitsua izango baita berdegunera irteten direnen egoera fisikoa. Ondoen dauden jokalariak zelairatuko ditut. Bost egun eta erdiko tartean hiru partida jokatuko ditugu eta horrek, noski, ondorio fisikoak eragiten ditu. Azken 30 minutuetan indartsu egoteak norgehiagoka erabaki dezake”.