
Unai Simon: “Lidertzan zeuden berberak gara”
Unai Simon: “Lidertzan zeuden berberak gara”
Valentziaren aurka galdu ostean, atezainak Vigoko partida du buruan: “Kanpoan irabaztea falta zaigu, hiru puntuen bila goaz”
Unai Simonek lasaitasun mezua igorri du, joan den asteburuan Valentziaren aurka San Mamesen galdu ondoren: “Garaipen edo porrot batek ez du Ligako dinamika aldatzen. Barçaren aurka jokatu zuten jokalari berak gara, joan den astean lidertzan zeudenak… Valentziaren aurka jokatutako partidatik arlo positiboak hartu behar ditugu, baita hobetzekoak ere, noski, igandean Celtaren aurka errepikatu ez daitezen”.
Atezainak argi hitz egin du Vigoko partidaren inguruan: “Zorra dugu kanpoan jokatutako partidekin, San Mamesetik kanpo irabazi nahi dugu eta dena emango dugu hiru puntuak etxera ekartzeko. Celtak arrisku handia du aurrean, uste dut zorte txarra izan dutela orain arte jokatutako zenbait partidatan. Etxean jokatzen duten taldeek ez dute erreztasunik ematen, eta badakigu %80an joanda ez dugula ezer onik aterako. %100ean joan behar dugu garaipena lortzeko”.
Arlo pertsonalean, Simon pozik agertu da izan duen denboraldi hasieragatik: “Sentsazio onak ditut berdegunean. Gol gutxi sartu dizkigute eta hori oso garrantzitsua da atezain batentzat. Liga hasiera ona izaten ari da eta horrela izaten jarraitu dadila espero dut. Nire eginkizuna atea hutsean uztea da beti. Joan den asteburuko geldiketek ez zuten puntuak lortzeko balio izan, bai ordea azken momentura arte borrokatu ahal izateko. Hori da atezainon lana”.