undefined

“Partida hau ezberdin bizi dugu”

“Partida hau ezberdin bizi dugu”

“Bizipen positiboak” eduki zituen bere etxe zaharrean, Sadarren, Athleticek emaitza on bat lortzeko eman beharreko guztia ematea espero du Raul Garciak

“Partida berezia da guretzat ere. Beste aldean egotea egokitu zait eta taldeen arteko lehia dela eta, partida ezberdina da bi aldeentzat. Polita da irabaztea gero txantxarik ez entzuteko”. Raul Garciak prentsa agerraldia egin du Lezaman, goizeko entrenamendua amaitutakoan. Tajonarren hazitako jokalariak Athleticek Osasunaren aurka jokatuko duen partidaren inguruan egin du berba eta gorritxoek etxean bizi duten une ona kontuan hartuta, igandeko norgehiagoka Athleticentzat proba zorrotza izango dela ohartarazi du: “Ez da kasualitatea. Partida zaila izango da, Osasunak oso argi baitu zertara jokatzen duen. Denbora asko daramate modu berean lanean, eta emaitza onak iristen direla ikusita, konfiantzarekin daude. Irabazi ahal izateko gako bakarra daukagun potentzial guztia ematea da, % 100ean egotea”.

Arlo pertsonalean, golik egin gabe hainbat jardunaldi eman dituen arren, Raul Garcia lasai azaldu da, taldeak egiten duen lan onaz ziur: “Ez da kezkatzen nauen zerbait, eta are gutxiago taldeak garaipenak lortzen dituenean. Taldea ondo badago, banakakoa bigarren maila batera doa beti. Ondo nago eta uneaz gozatzen ari naiz “.

Horrez gain, Iker Muniainen lesioak beteranoengan ekar dezakeen erantzukizunaren igoeraz galdetuta, erantzukizuna Athleticek zainetan daraman zerbait dela argitu du nafarrak: “Argi daukat talde baten kide naizela eta eman ahal dudan guztia eman behar dudala bertan, dauden jokalariak daudela. Bakoitzak bere gain hartu behar du talde honetan egoteak zer dakarren, eta daukan guztia eman”.