
Cordoba: “Granadari irabaztea, ez dugu beste ezertan pentsatzen”
Cordoba: “Granadari irabaztea, ez dugu beste ezertan pentsatzen”
Zuri-gorriak ez du taldearentzat etorkizuneko helbururik ezarri nahi izan: “Partidaz partida joan behar dugu eta aurrerago ikusiko dugu zertarako lehiatu behar garen”
Iñigo Cordobak prentsa agerraldia egin du hedabideen aurrean, Athleticek Lezaman egindako lan saioaren ostean. Azken asteetan lortutako emaitza onez eta sailkapenean bizi duten une onaz jakitun (5. Ligan), jokalari zuri-gorriak ez du taldearentzat helburu zehatzik ezarri nahi izan: “Argi dago taldea ondo lehiatzen ari dela, baina arreta Granadan dugu jarrita. Partidaz partida joan nahi dugu. Horrela pentsatzen dugu beti eta momentuz ondo ari gara. Gauzak ondo doazenean ez dira aldatu behar. Aurrerago ikusiko dugu zertarako ari garen lehian. Taldea oso sendo dago eta lan bikaina egiten ari garela uste dut. Hala ere, ezin diogu emaitzen bolada onari begiratu, gehiegizko konfiantza batek kalte baino ez ligukeelako egingo “.
Granadak egindako denboraldi hasiera bikaina aitortu arren, zuri-gorriak nahiago izan du Athleticek etxean duen errendimendua aintzat hartu: “Igo berria da baina denboraldia ondo hasi du eta Barçari irabazi dio, baita Atleticoren aurka berdindu ere. Oso ondo jokatzen dute eta badakigu oso aurkari zaila izango dela. Guk gurera jarraitu behar dugu: etxean oso talde trinkoa izan gara orain arte eta lan ona eginez gero garaipena lortuko dugu “.