undefined

Gure harrobia futbolaz beteriko asteburu luzearen protagonista izan da

Gure harrobia futbolaz beteriko asteburu luzearen protagonista izan da

Errepasatu itzazu joandako hiru jaiegunetan zehar Athletic Clubeko harrobia osatzen duten taldeek lortutako emaitzak

Gure bi lehen taldeen etxetik kanpoko partidez gain (LaLiga Santanderren porrota eta Primera Iberdrolan merezitako berdinketa), asteburu bizia izan du gure harrobiak.

Bilbao Athleticek ezin izan zion ostiralean SD Leioaren gol goiztiarrari buelta eman Sarrienako instalazioetan. Hirugarren jardunaldia jarraian du irabazi gabe Bigarren B Mailako II. Multzoan (1-0). Hirugarren Mailako IV. Multzoan, berriz, atsedenaldia izan du CD Basconiak.

Gazteak A taldeak 0-2 irabazi zion CD Pamplonari Lizasoainen. Velezek lehen zatian eta Mikel Lopezek bigarren zatian sartu zituzten golak, Ohorezko Mailako sailkapenaren gorenean jarraitzeko. Gazteak B taldea, bestalde, Nazio Ligako liderra da orain, Real Sociedadi Lezaman 2-0 irabazi eta gero. Koldo Ferrer eta Luis Bilbao izan ziren golegileak eta jada hiru puntuko aldea ireki dute bigarren sailkatuarekin.

Gure Kadeteak A taldeak Euskal Ligako geldialdia aprobetxatu du La Ribera Txapelketa jokatzeko eta bosgarren sailkatu dira han;  Kadeteak B taldeak, berriz, 3-5 irabazi zion Retuertori igande arratsaldean.  Aingeru Olabarrietak eta Aimar Vicandik bi aldiz zulatu zuten aurkariaren atea, eta Asier Hierrok sartu zuen bestea.

Emakumezkoen Athletic Clubeko azpiko kategoriei dagokienez, asteburu honetan ere garaipena lortu dute guztiek. B taldeak 0-3 irabazi zion Mareon azken postuan sailkatuta dagoen Real Sportingi eta Reto Iberdrola Norteko lehen postuan jarraitzen du. Amaiur Sarriegik bi aldiz eta Paula Aranak sartu zituzten golak. C eta Kadete taldeek mendean hartu zituzten SD Indautxu eta CD Ugao, hurrenez hurren.