
“Aurrerapausoa eman dugu heldutasunari dagokionez”
“Aurrerapausoa eman dugu heldutasunari dagokionez”
2020a egutegi zorrotzarekin hasi aurretik geratzen diren bi partidak irabaziz itxi nahi du urtea Villacampak
Angel Villacampa Athleticeko entrenatzaileak prentsaurrekoa eman du Lezaman, igandean Sevillaren aurka jokatuko duen Primera Iberdrolako 13. jardunaldiko partidaren atarian. Zuri-gorriek 2019ko azken partida jokatuko dute etxean. 2020 urteko hasiera konplikatua espero du Villacamparen taldeak eta urte honetako azken bi partidak irabaztea da zuri-gorrien helburua.
Athleticek hiru jardunaldi daramatza galdu gabe eta puntu baliotsua lortu zuten joan den astean Atletico Madrilen aurka. “Une handi batean gaude. Aurreko egunean taldeak aurrerapausoa eman zuen, batez ere jokoari eta portaerei dagokienez. Aste honetan intentsitatea ez dela jaitsi behar azpimarratu dugu, ezin dugu atzera pausorik eman, aspalditik bilatzen genuen egoera hau aurkitzea asko kostatu zaigu eta”, adierazi du entrenatzaileak.
Villacampak azpimarratu duenez, talde andaluziarrak “abagune asko sortzen ditu eta gol asko sartzeko kapaza da. Hala ere, Sevillaren aurkako partidak xehetasun txikiek erabakitzen dituzte. Etxetik kanpo gehiago kostatzen zaie hiru puntuak lortzea. Oso biziak dira, sistemak aldatu ohi dituzte… Arreta ez galtzea eta partidan protagonistak izatea, horiek gakoak”.
Athleticek urtarrilaren 5ean Fc Bartzelonaren aurka San Mamesen jokatuko duen partidari dagokionez, hauxe entrenatzailearen iritzia: “Guretzat saria da, oso eskertuta gaude eskainitako aukera honengatik. Hala ere, partida hori oso urrun dago oraindik eta arreta urtea bukatu arte geratzen zaizkigun partidetan jarri behar dugu. Motibatu eta ilusionatu egiten nauela ezin ukatu. Zalantzarik gabe, toki paregabea da San Mames”.
Bihar, 11: 00etan, partida aurreko azken entrenamendua egingo du taldeak Lezaman.