Eibartarrak Athleticen
Armaginen herriko sei futbolarik defendatu dute lehen taldearekin ezkutu zuri-gorria
Roberto Etxebarria (1908an jaioa), Justino Alberdi (1909), Jose Muguerza (1911), Agustin Gisasola (1952), Jose Antonio Gomez (1964), Markel Susaeta (1987). Eibarren jaiotako eta Athleticen lehen taldera iritsi diren jokalarien zerrenda ez da oso zabala, baina partida ofizial eta titulu ugari biltzen ditu.
Muguerza atzelaria (231 partida ofizial 8 denboralditan zehar banatuta) eta Etxebarria erdilaria (217 partida 9 denboralditan) dira Athleticen historian titulu gehien lortu dituzten futbolarietako bi. Elkarrekin jokatu zuten Ligaren lehen ediziotik eta Gerra Zibilaren hasierara arte lau liga, lau kopa eta sei eskualde-txapelketa irabazi zituzten. Gatazka belikoak bien progresioa geldiarazi zuen baina hala eta guztiz ere, Etxebarriari denbora eman zion oraindik Gerra Zibila amaitu ondoren Eskualde Txapelketa berri bat konkistatzeko. Alberdi erdilariak (9 partida 2 denboralditan) lau gol sartu zituen gure klubean izandako egonaldi laburrean, eta Eskualdeko Txapelketa bat irabazi zuen.
Gisasola erdiko defentsak (332 partida 13 denboralditan) Kopa bat irabazi zuen 70eko hamarkadan eta Liga bat 80ko hamarkadaren hasieran. 1977an L ‘Équipe Frantziako egunkari ospetsuak Europa osoko zentral onena izendatu zuen. Atzealdean zuen segurtasunagatik ez ezik, bere ‘gisasolazoengatik’ ere ezaguna izan zen, urruneko jaurtiketa indartsuen ondorioz lortutako golengatik, alegia; 19 gol pilatu zituen elastiko zuri-gorria defendatuz.
‘Pizo’ Gomezek (54 partida 3 denboralditan) Gisasolaren lekua hartu zuen gure klubeko lehen taldean, eta 1983-84 denboraldiko Kopa irabazi zuen. Talde honen azken ordezkari eibartarra Susaeta historikoa da (507 partida 12 denboralditan), Athleticen partida ofizial gehien jokatu dituen bosgarren jokalaria. Bere 56 golak, emandako asistentziak eta Bartzelonaren aurka lortutako 2016-16 Superkopako titulua oroigarri kolektiboan geratuko dira betirako.
(Albiste hau laguntzen duen argazkiak Athletic Clubek 1931-32an jarraian irabazitako hirugarren Kopako titulua erakusten du. Goiko ilaran, Jose Muguerza da ezkerretik hasita bigarrena; beheko ilaran, Roberto Etxebarria laugarrena da ezkerretik hasita)