
Garitano: “Partidaren amaieran aurkitu dugu gure jokoa”
Garitano: “Partidaren amaieran aurkitu dugu gure jokoa”
Teknikari zuri-gorria ez dago pozik Eibarren aurkako berdinketarekin, eta bere taldeak azken 25 minutuetan izandako erreakzioa baloratu du.
“Ezin naiz gustura joan, gure helburua irabaztea zen“. Horrela laburbildu du Gaizka Garitanok bere taldeak SD Eibarren aurka San Mamesen jokatutako derbian lortutako berdinketa. Hiru puntuak ez lortzeagatik etsipena sentitu arren, Athleticeko entrenatzaileak bere taldeak defentsan erakutsitako sendotasuna baloratu du: “Pozik nago, igandean hiru gol jaso eta gero, gaur ez dugulako aukerarik eskaini. Eibarri gainezka egiteko futbola falta izan zaigu, eta azken 25 minutuetan bakarrik aurkitu dugu gure jokoa. Horietan bai, irabazteko aukera izan dugu“.
Garitanok partidaren analisian sakondu du, eta norgehiagokaren azken herenean bere jokalariek izandako erreakzioa nabarmendu du, garaipena lortzeko zorian egon baitira: “Ziurrenik ez ditugu gauzak ondo egin lehen zatian, baina asko estutu gaituen aurkari bat izan dugu aurrean. Ez dugu estutasun hori gainditzeko ideiarik izan, eta hori Eibarren meritua bada ere. Etenaldi asko izan dira eta haiek nahi zuten erritmoan jokatu da partida. Bigarren zatian bai, bere areatik gertuago egon gara eta partidako hiru aukera nagusiak gureak izan dira“.