undefined

Lehoien bisita IMQ, Gurutzeta eta Basurtura

Lehoien bisita IMQ, Gurutzeta eta Basurtura

Athletic Clubeko lehen taldeko jokalari guztiek IMQ, Gurutzeta eta Basurtuko ospitaleak bisitatu dituzte.

Gabonak hurbiltzen ari dira eta duela hamarkada askotatik ohikoa den bezala, Athletic Clubeko ordezkariek IMQ, Gurutzeta eta Basurtuko zentroak bisitatu dituzte eta bertan dauden haurrei eta pertsonei euren animoa, zorionak eta lehenbailehen sendatzeko desiorik onenak helarazi dizkiete. Igandean Real Madrilen aurka jokatu aurretik San Mamesen egindako entrenamenduaren ondoren, gizonezkoen lehen taldeko jokalariek, hiru ospitaleetan banatuta, gaixoei bisita egin diete eta Gabonetako opariak eman dizkiete nahiz eta txikienentzat bereziki, izan dezaketen oparirik onena lehoien presentzia, maitasuna eta jokalarien konpainia den.

Gurutzetan Unai Simon, Ganea, Nuñez, Iñigo Martinez, Yeray, San Jose, Beñat, Unai Lopez, Cordoba eta Oihan Sancet egon dira, eta Basurtuko ospitalean Dani Garcia, Lekue, Vesga, Yuri, Ibai, Aduriz, Capa, Kodro, Balenziaga, Herrerin, Vivian, Villalibre eta Raul Garcia.

Larunbatean, hilak 21, Huelvako Sporting Cluben aurka jokatuko duten norgehiagokaren ondorioz, bidaian daudelako hain zuzen ere, gure emakumezkoen lehen taldeko jokalariek ezin izan dute ospitaleetara egin ohi duten bisita honetan parte hartu.

Batak IMQri

Era berean, Athletic Clubek eta Fundazioak, IMQn ingresaturik dauden neska-mutilentzako bata-kamiseta zuri-gorrien ekimena zabaldu nahi izan dute. IMQ Bizkaiko osasun-sektore pribatuko konpainia liderra da eta Athletic Clubeko babesle nagusietako bat. Fundazioak Osakidetzarekin aspaldidanik duen lankidetzaren barruan kokatzen den ekimena da. Orain IMQra ere zabaltzen da eta ahal den neurrian, pediatriako tratamenduak leuntzeko prozesuan laguntzea du helburu. Iker Muniain eta Iñaki Williams izan dira protagonista nagusiak Zorrotzaurreko IMQ ospitalera egindako bisitan eta Athletic Clubek eguneko kirol prentsaurrekoa egiteko aprobetxatu du aukera.