
“Bazkideen, plantilla lehiakorraren eta etorkizuneko Lezamaren alde lan egiten dugu”
“Bazkideen, plantilla lehiakorraren eta etorkizuneko Lezamaren alde lan egiten dugu”
Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak Ibaiganeko zuzendaritza batzordearen lehen hamabi hilabeteen balantzea egin du
Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak agerraldia egin du gaur eguerdian San Mameseko Jose Iragorri prentsa aretoan, Ibaiganeko zuzendaritza batzordearen lehen urtearen balantzea egiteko. “Oso harro gaude 12 hilabete hauetan proiektu honen parte izan garelako. Ahalegina, konstantzia eta konpromisoa egunero eta arlo guztietan defendatu ditugun baloreak izan dira”, laburbildu du Elizegik.
Presidenteak bere taldeak Klubaren arlo sozialean egin duen lana azpimarratu du, bazkidea jarri baitu fokuaren erdigunean. Zentzu horretan, Athleticek sortutako espazioei balioa eman die Elizegik: “Bazkideen Hitza eta Bisitatu Lezama elkar entzuteko tresnak dira, Athletic aberastuko duten iritziak, iradokizunak eta esperientziak partekatzeko guneak”.
San Mameseko animazio harmaila ere izan du hizpide agintari zuri-gorriak, eta animazio fokuak espazio berean berrantolatu eta bateratzeko konpromisoa agertu du: “Bidezkoa da haiek elkartzea, eta denek estadioko espazio beretik bultza ditzatela. Europan horren adibide handiak daude, eta Athleticek ezin dio horri uko egin”.
Arlo instituzionalean, zuzendaritza batzordeak Athleticen izena eta hitza “behar den lekura” eramateko egindako lana azpimarratu du Elizegik. Athletic Liga, Federazioa eta UEFA da, eta horietan guztietan ordezkatua izatea behar du. Daukagun iritzi eta egiteko moduarekin, baina hor egon behar dugu”.
Alderdi ekonomikoari dagokionez, presidenteak gogorarazi du bere taldeak “eman zuen aurrekontu hitza bete” duela, eta azaldu du Klubak beti diharduela egonkortasuna sortzen “plantilla lehiakor baten, etorkizuneko Lezama baten eta egunetik egunera Athletic bezalako Europako klub handienetara gehiago hurbiltzen diren diru sarreren artean”.
Elizegik ere Lezamako proiektua goraipatu du: “Lehen taldearen eraikin berriak aukera emango du prestatzen ari diren jokalarientzat egoitza sortzeko eta horien elkarbizitza sustatzeko, funtsezkoa gure harrobiko balioentzat”. Fundazioari dagokionez, presidenteak azpimarratu du gero eta garrantzi handiagoa duela klubaren egunerokoan, “haren presentzia biderkatu egin baita, eta balio baitu gizarteari itzultzeko Athleticek beti jaso duen babesa”.
Azkenik, Athleticeko presidenteak Lezamako talde zuri-gorri bakoitza zoriondu du azken urtean egindako lan bikainagatik, eta bereziki Iraia Iturregi, Joseba Etxeberria, Angel Villacampa eta Gaizka Garitanoren taldeak aipatu ditu: “Bildu ahal izateko ereiten ari gara, eta hala izaten ari da. Filialak funtzionatzen ari dira, jokalariak hezten eta gure lehen taldeak elikatzen ari dira. Kirol zuzendaritza osoaren eta batez ere bere entrenatzaileen koordinazio lan handia eskertu behar dut. Merezi duten lekuan jarri dituzte taldeak, eta San Mames eta Lezama zelai bakarrak egin dituzte. Bizi izan dugun 2019 handiaren antzeko 2020. Urtea opa diet athleticzale guztiei”.