undefined

Andrea Sierraren eguna

Andrea Sierraren eguna

Erdiko atzelari bilbotarrak Levanteren aurka lortutako golari buruz hitz egin du; lehen talde zuri-gorriarekin lortzen duen lehena da

Joan den igandean Andrea Sierrak lehen taldearen elastikoarekin bere lehen gola sartzea lortu zuen. Denboraldi honetako hirugarren jardunaldian Marta Pereak estrainekoz lortu eta gero, bakarrik Andrea falta zen gola sartzeko lantaldeko jokalarien artean, atezainak izan ezik. 94. minutuan Athleticek bere azken aukera zuen ezker hegaletik atera beharreko korner batean. Maite Orozek erdiraketa ona egin zuen eta aldaratzean baloia Andrea Sierraren hanketan geratu zen, eta birritan pentsatu gabe jaurtiketa gogor batez Paraluta atezain errumaniarra gainditu zuen. Erdiko atzelariak bete-betean asmatu zuen, eta Lezamak emozioz dardara egin zuen partida amaitzear zegoela. Gol horri esker puntu bat berreskuratu egin zen Levante UD-ren aurkako neurketa zailean.

Indautxuko atzelaria partidarako argitaratutako buletinaren azalean agertu zen, eta sare sozialetan hasierako hamaikakoaren irudian ere nabarmendu zen, beraz, bere protagonismoa erabatekoa izan zen. 21 urterekin, Sierrak bere laugarren denboraldiari egiten dio aurre lehen taldean eta garrantzia hartzen jarraitzen du talde barruan jardunaldiak aurrera joan ahala. Futbolari zuri-gorriak bideo honetan Athletic Clubekin egindako lehen golaren emozioa gogoratzen du, zalantzarik gabe, betiko gogoratuko duen egunean.