
Athletic Club eta CD Teneriferen arteko lotura historikoa
Athletic Club eta CD Teneriferen arteko lotura historikoa
Hamar jokalari zuri-gorrik Tenerifeko taldean osatu dute euren ibilbide profesionalaren zati bat
Athletic Clubek eta CD Tenerifek, gaurko Errege Kopako final-zortzirenetako aurkariak, lotura estua dute gure klubeko profesional askoren bitartez, euren kirol ibilbideko zati bat Tenerifeko klubean osatzeko aukera izan baitzuten. 10 futbolarik jantzi dituzte bi kamisetak historian zehar.
Tenerifera heldu zen lehena Jose Maria Lasquivar tolosarra izan zen, 1953-54 denboraldian, Athleticekin bi denboralditan jokatu ondoren. Gonzalo Diaz Beitia, Sestaoko aurrelaria, bi denboralditan egon zen Tenerifen (1961-63) 46 partida jokatuz eta Athleticen 11 gol lortu zituen 1957 eta 1960 urteen artean.
80ko hamarkadan, CD Tenerifera heldu zen Jose Ignacio Sanpedro, 1982-83 denboraldian, Peio Agirreoa atezainarekin batera. Atezain ondarrutarrak 200 partida baino gehiago jokatu zituen sei denboralditan zehar. CD Teneriferekin partida gehien jokatu dituen Athleticeko jokalaria da.
Aguirreoa 1987-88 denboraldian etorri zen 80ko hamarkadako taldean txapeldun izandako jokalari batekin, Txema Noriega aurrelariarekin hain zuzen ere. Noriegak bi denboraldi bete zituen Tenerifen eta 1988-89 denboraldian Lehen Mailara igotzea lortu zuen Tenerife taldearekin.
2011ra arte itxaron behar izan zen Lezaman sortutako beste futbolari bat Tenerifen jokatzen ikusteko. Francisco Javier Tarantino atzelari bermeotarrak bi denboraldi jokatu zituen Tenerifen. Unai Albizuak 28 partida jokatu zituen 2014-15 denboraldian Athleticek utzita. Lagapen baldintza berean jokatu zuen Jon Aurtenetxek, 2015-16 denboraldian, 24 partida jokatu zituenean. Beste bi zuri-gorri ohi, Isma Lopez eta Iker Undabarrena, Ruben Barajak zuzentzen duen taldeko kide dira gaur egun.
Futbolariez gain, Manolo Delgado Meco ere CD Tenerifeko prestatzaile fisikoa izan zen 1973-74 eta 1974-75 denboraldietan, ondoren Athleticera heltzeko bere ibilbide profesionala amaitu arte. Javier Clementek 12 partidatan zuzendu zuen uharteetako taldea 2002. urtean, eta Jupp Heynckesek ibilbide arrakastatsua izan zuen Tenerifen (1995-97) UEFA txapelketako finalerdietaraino eramanez. Joseba Etxeberriak, lehen taldeko jokalari ohiak eta Bilbao Athleticeko egungo entrenatzaileak, Tenerife CD taldea zuzendu zuen 2018an.