undefined

Granada CF, Kopako finalerdietako aurkaria

Granada CF, Kopako finalerdietako aurkaria

Joaneko partida San Mamesen jokatuko da datorren astean, eta itzulikoa, Los Carmenesen, martxoko lehen astean

Athleticek Granada CF taldearen aurka jokatuko ditu Errege Kopako finalerdiak. Joaneko partida San Mamesen jokatuko da datorren astean, eta itzuliko partida, martxoaren lehen astean, Granadan. Beste finalerdia Real Sociedadek eta CD Mirandesek jokatuko dute.

Talde nazariarrak Hospitalet, Tamaraceite, Badalona eta Badajoz kanporatu ditu aurtengo Kopan, eta azkena, Valentzia, final-laurdenetan. Diego Martinezek zuzentzen duen taldea sailkapeneko hamargarren postuan dago LaLiga Santanderren, 30 punturekin, 9 garaipen, 3 berdinketa eta 10 porrot lortuta.

Athleticek eta Granadak joaneko eta itzuliko bi kanporaketa jokatu dituzte Errege Kopako historian zehar, eta azken emaitza beti izan da talde zuri-gorriaren aldekoa. Gainera, Athleticek Kopa irabaztea lortu zuen gerora Granadaren aurka jokatu zuen bi aldietan. Horietako lehena 1943-44 denboraldiko final-laurdenetan jokatu zen: Athleticek 6 gol sartu zizkion Granadari joaneko partidan, eta itzulikoan, lehoiek 1 eta 0 galdu zuten. Ondorioz, talde zuri-gorriak finalerdietarako txartela eskuratu zuen eta gerora, bere 16. Kopako titulua.

Bi taldeen arteko Kopako azken norgehiagoka 1968-69 denboraldikoa da. Joaneko partida Granadan jokatu zen orduan, eta bana berdindu zuten bi taldeek. Athletic 2 goleko aldearekin nagusitu zen San Mameseko itzulerako partidan. Kasualitatea da, orduan ere bi taldeek elkarren aurka jokatu zutela finalerdi batean, eta gerora 22. titulua lortu zuen Athleticek.

Ligan 23 aldiz jokatu dute elkarren aurka San Mamesen (18 garaipen zuri-gorriak eta 3 Granadarenak) eta beste 23 Granadan (8 etxekoen garaipenak, 9 berdinketa eta 6 Athleticenak).