undefined

“Inoiz baino batuago egon behar gara orain”

“Inoiz baino batuago egon behar gara orain”

Oscar de Marcosek, bere errekuperazioan murgilduta, Athleticeko familiako kide guztien batasuna eskatu du aurrean dituzten erronken aurrean

Oscar de Marcosek Lezamako prentsa aretoan egin du agerraldia, San Mamesen Vila-realen aurka jokatu beharreko Ligako partidaren aurretik (igandean, 14:00etan). Ezker orkatila errekuperatzeko prozesuan, arabarrak bere ilusioa onartu du: “Ea lehenbailehen den. Bigarren hilabetea amaitu berri dut eta hilabete bat geratuko litzaidake epeen barruan egoteko. Denbora asko daramat nire taldekideak kanpotik ikusten, telebistaz edo harmailetan, eta beti sartzen zaizkizu itzultzeko gogo horiek. Ahalik eta ondoen iristen saiatu behar dut, taldeari ahalik eta modu onenean laguntzeko“.

Taldeak Liga txapelketan izan duen bolada txarragatik itaunduta, egoerari buelta emateko itxaropentsu agertu da De Marcos: “Dinamika oso txarra daramagu emaitzei dagokienez baina garaiz gaude horri aurre egin eta egoera aldatzeko. Lehenbailehen izatea nahi dugu eta igandean oso partida ona daukagu horretarako. Orain arte jokatutako partida horietako asko gure alde eror zitezkeen, oso parekatuak izan baitira. Egia da irabazi gabeko partidak pilatzen doazela baina ez dut uste kezkagarria denik. Igandean dinamika hori aldatzea oso positiboa litzateke Granadako partidari begira, eta hor ere asko dugu jokoan“.

Liga txapelketako azken emaitzak txarrak izan arren, Athleticek ilusio handiko erronka du datorren astean eta De Marcosek horregatik eskatzen die batasuna athleticzale guztiei: “Orain da denok batuta egon behar garen momentua: taldea, zaleak… Oso une garrantzitsua da eta denok izan behar dugu horren jakitun, eta egoera guztion artean aurrera atera. Ezinezkoa da ilusiorik ez izatea egoera polit baten aurrean zaudenean baina asko geratzen da itxaroten gauden momentu hori bizi ahal izateko. Ilusioa sortzen duen guztia ona da, aktibo mantentzen zaituelako, baina guk oinak lurrean eduki behar ditugu eta pixkanaka joan. Igande hau da garrantzitsuena, eta gero pentsatuko dugu zer datorren ostean“.