undefined

EDF Logroño, lehoien aurkaria finalerdietan

EDF Logroño, lehoien aurkaria finalerdietan

Erreginaren Kopan ez da partida inoiz jokatu; Errioxako taldeak Las Gaunasen jokatuko du Athleticen aurka martxoaren 17an edo 18an, final handian leku bat bilatzeko

EDF Logroño izango da Athleticen aurkaria Erreginaren Kopako finalerdietako partidan. Martxoaren 17an edo 18an Las Gaunas futbol zelaian jokatuko den neurketak, La Rosaledan, Malagan, maiatzaren 31n jokatuko den finalerako txartela lortzeko balioko du. Beste finalerdia FC Bartzelona eta Sevilla CF taldeen artean jokatuko da.

Logroñoko taldearen eta bilbotarraren arteko neurketa Kopan inoiz ikusi ez den norgehiagoka izango da. Ligako denboraldi honetan, Angel Villacamparen neskek Gerardo Garciaren (Vila-real, Valentzia, Reala… jokalari ohia) taldea mendean hartzea lortu zuten Lezaman, 3-0, Primera Iberdrolako 11. jardunaldian. Lucia Garciak, Azkonak eta Marta Unzuek sartu zituzten Errioxako taldearen aurkako golak.

Aurreko denboraldiko aurrekariak Athleticen aldekoak dira, bi partidak irabazi baitzituen: 1-3 Las Gaunasen eta 4-3 Lezaman, emozioz beteriko partidan, Lucia Garciaren hat-trick batekin. EDF Logroño 2018an igo zen Lehen Mailara, eta, bitxia bada ere, CD Tacon-i igotzeko postua kenduta, talde zuri-gorriaren aurtengo final-laurdenetako aurkaria.

Jade aurrelaria ligan bere golegile nagusia da 11 golekin eta joan den asteazkenean sartutakoari esker, bere taldeak txartel historikoa eskuratu zuen Real Betis taldea Las Gaunasen kanporatu eta gero.