undefined

Bideoteka: Athleticen lehen Europako Kopa (1956/57)

Bideoteka: Athleticen lehen Europako Kopa (1956/57)

Gure klubak Europako txapelketa garrantzitsuenean debuta egin zuen denboraldia gogoratu dugu, final-laurdenetaraino iritsita

Youtubeko gure kanal ofizialean ikus ditzakezun bideoen artean, Athletic Clubek 1956/57 denboraldian Europako Kopan egindako ibilbidean gelditu gara gaur.

1955/56 denboraldian Ligako titulua eta Kopako finala irabazi zizkion Atletico Madrili Santiago Bernabeun, Athletic Clubek hurrengo denboraldian Europako Kopan parte hartzeko eskubidea eskuratu zuen.

Debuta Portugalen izan zen FC Portoren aurka, irailaren 20an jokatutako final-hamaseirenetako joaneko partidan, eta 1-2 irabazi zuten lehoiek Gainza eta Canitoren golei esker. Itzulikoan, garaipen berri bat erdietsi zuten zuri-gorriek (3-2) Artetxeren hat-trickari esker.

Final-zortzirenetako aurkaria Budapest Honvéd FC izan zen, garai hartako talderik beldurgarrienetako bat, eta bere lerroetan, besteak beste, Bozsik, Kocsis edo Puskas mitikoak zituena. San Mamesen lortutako emaitza 3-2koa izan zen, eta Artetxek, Markaidak eta Arieta I.ak gola sartu zuten. Hungarian Athletic hiru aldiz aurreratu zen markagailuan, Merodio birritan eta Arieta I.aren bitartez, eta markagailuak 3-3 erakutsi zuen partida amaieran.

Athletic Clubek eta Manchester Unitedek jokatu zuten 1956/57 Europako Kopako final-laurdenetako joaneko partida oso gogoratua da familia zuri-gorriaren barnean egun hartan elurra jaitsi baitzuen San Mamesen, urtarrilaren 16an. Erasoko futbola nagusitu zen partida hartan 5-3 amaitu baitzen norgehiagoka. Uribek (bi), Markaidak, Merodiok eta Artetxek sartu zuten egun hartan gola. Maine Roaden jokatutako itzulerako neurketa beste istorio bat izan zen eta Athleticek 3-0 galdu zuen eta kanporatuta geratu zen.

Gaur-gaurkoz, final-laurden horiek dira oraindik Europako Kopan gure klubak lortu duen ibilbiderik luzeena.

Albiste honekin doan argazkia Elorzarena da, eta Artetxeren erremate bat islatzen du FC Portok Bilbora egindako bisitan, San Mamesen jokatutako Europako Kopako lehen partidan.