undefined

Yuri: “Futbolaren gainetik, guztion osasuna da funtsezkoena”

Yuri: “Futbolaren gainetik, guztion osasuna da funtsezkoena”

Atzelari zuri-gorriak zaletuek eta kazetariek sare sozialen bitartez eginiko galderei erantzun die etxetik

Yuri Berchichek Athletic Clubeko sare sozialetan zaletuek eta kazetariek egindako galderei erantzun die. Normaltasunez entrenatzeko ezintasunaren aurrean, atzelari zuri-gorriak egoera horren alde positiboa bilatu du: “Zegoena baino hobeto itzultzeko prestatzen ari da taldea. Inori ez zaio gustatzen etenaldi hau, baina atsedena izaten ari da hankak eta burua freskatzeko, pilatuta genituen minutu guztien ondoren. Hori bai, faltan botatzen dut entrenatzera joan eta goizak Lezaman pasatzea, han dugun giro onarekin“.

Asko dira Granadaren aurka Kopan sartutako golari buruz galdetu diotenak, eta zarauztarrak zera erantzun du: “Inoiz sartu dudan golik garrantzitsuena da, horretaz ez dago zalantzarik. Futbolean bizi izan dudan unerik alaiena eta zoriontsuena izan zen. Ez da erraza Athletic bezalako klub batentzat, filosofia horrekin, final batera iristea. Sinestezina da etxeko jendearekin jokatu ahal izatea, eta gol horrek horretarako balio izan zuen”.

Yurik ez ditu partida erabakigarri hori jokatzeko dituen gogoak ezkutatu: “Egutegian gorriz apuntatuta daukat, eta ez dut ezergatik galdu nahi. Nahiago nuke bi taldeen zaleekin zelaian jokatu ahal izango bagenu. Hori da futbolaren gauza polita. Data historikoa da Euskal Herriarentzat, eta oso bidegabea litzateke partida hori ez jokatzea”.

Taldean egun duen uneaz galdetuta, aldagelan oso eroso sentitzen dela nabarmendu du zurigorriak: “Dena da egokitzea. Jokoa hemen ez bezala garatzen zen talde batetik netorren eta horretara ohitzea bere denbora darama. Behin baino gehiagotan esan dut: nire bigarren urteak lehenengoa baino hobeak izan ohi dira, eta aurten oso ondo eta eroso nago taldekideekin”.

Azkenik, Yurik gogorarazi du “futbolaren gainetik, funtsezkoena guztion osasuna da. Eskerrak eman nahi nizkieke, halaber, guri laguntzeko beren aletxoa jartzen ari diren guztiei, eta hau berriz ere lehen zena izateko lanean dabiltzatenei. Oso jende ona dago gure inguruan“.