undefined

Raúl García: “Nahiko nuke dena laster hobetzea”

Raúl García: “Nahiko nuke dena laster hobetzea”

Erdilari zuri-gorriak #Etxetik zaletuek eta hedabideek egindako galderei erantzun die

Oraingoan Raul Garcia izan da #Etxetik Athletic Clubeko sare sozialen bidez zaleei eta hedabideei egindako galderei erantzuna eman diena. Gizartea bizitzen ari den egoera atipiko eta delikatuaren barruan, jokalari nafarra saiatzen da, ziurgabetasunaren barruan, beti positiboki pentsatzen: “Garrantzitsuena da gertatzen ari dena atzean uztea eta ahal den guztia egitea ahalik eta lasterren izan dadin, guztion laguntzarekin. Positiboak izaten saiatzeko, beti esaten dudan bezala, gauzak modurik onenean ikusteko“.

Galdera askok zerikusi zuzena izan dute Athleticek eta Realak jokatuko duten Errege Kopako finalarekin. Raul Garciak ez ditu bere lehentasunak ezkutatu: “Egunerokotasunean pentsatu nahi dut, guztion osasuna hobetzen has dadila, ez dezala jendea hiltzen jarraitu. Hain egoera zailean gaude, uste dut berekoia dela finalean pentsatzea. Une oso gogorrak biziko dituen jendea dago. Errespetua izan behar da, oraintxe bertan finala bigarren maila batean dago“.

Erdilari zuri-gorriak etxean geratzeko derrigortasunezko garai hauetan dituen entrenamendu planei buruz hitz egin du: “Klubetik eta entrenatzaileen partetik bere esku dagoen guztia jartzen ari dira entrenamendu plan ona izan dezagun eta forma fisikoa gal ez dezagun. Gogorrena egiten zaidana da lau pareten artean entrenatu eta errutina zorrotzagoak egin behar izatea, tonuari eusteko. Badakit egin behar dudan lana, eta egunetik egunera egiten dut, hobetzen saiatzeko”.

Asko izan dira Athleticek nafarrarentzat zer suposatzen duen galdetu dutenak: “Etortzeko gogoa nuen. Klubean egondako lagun askok zoragarri hitz egiten zidaten. Motz geratu ziren, egia esan. Barruan zaudenean konturatzen zara zer suposatzen duen talde honek mundu guztiarentzat. Ez bakarrik jokatzen ari diren jokalarientzat, baita Athletic beretzat sentitzen duten zale guztientzat ere. Gainontzeko taldeekin alderatuta, aldeko puntua dela uste dut. Klub ezberdina da, oso familiarra, etxeko jendearekin, eta barrutik are gehiago ikusten duzu“.

Azkenean, Raul Garciak eskerrak eman nahi izan dizkie “hau guztia aurrera ateratzen ari direnei. Zuengan konfiantza osoa dugu, eta duzuen gaitasunarekin, laster normaltasunera itzuliko gara”.