undefined

Iñigo: “Athletic bakarra da, historia da eta familia da”

Iñigo: “Athletic bakarra da, historia da eta familia da”

Atzelari zuri-gorriak zaletuek eta hedabideek egindako galderei erantzun die #Etxetik

Iñigo Martinezen txanda. Ondarroako atzelariak klubeko sare ofizialen bidez zaleel eta hedabideek egindako galderei erantzun die #Etxetik.

Konfinamenduan duen egunerokoaz galdetuta, Iñigok erantzun du: “Egunero daukagu zerbait egiteko: zinta, bizikleta, indar-ariketak … Gainera, familiarekin egoteko aprobetxatzen dut batez ere, futbolaren egunerokoak ez baitizu uzten intentsitate berarekin egiten”.

Asko dira 2018an Athleticekin fitxatu ostean klub zuri-gorriari buruz izan zuen iritzia jakin nahi izan dutenak, eta, horregatik, sentitutakoak hiru hitzetan laburbildu ditu Ondarroako atzelariak: “Athletic bakarra da, historia da eta familia da. Edozerren gainetik, zalearen eta bere jokalariaren arteko tratua nabarmenduko nuke, maitasuna sentitu nuen lehen minututik. Ez nuen zalantzarik izan, baina San Mamesen lehoi gisa egin nuen debuta ederra izan zen. Asko gozatzen dut Katedralera salto egiten dudan bakoitzean, gure jendearen aurrean“.

Horregatik, Iñigok ez du Kopako final bat zalerik gabe ulertzen: “Ezin da izan. Publikorik gabe jokatzeak ez du emoziorik, lagunarteko partida dirudi. Zaleek asko ematen digute, eta espero dezagun egoera garaiz aldatzea, finala haiekin batera jokatu ahal izateko”. Ez alferrik, finalerako bidea bere esperientzia zuri-gorri onena bezala nabarmendu du atzelariak: “Partida guztiak izan dira oso hunkigarriak eta gogorrak. Geure burua penaltietan ikustea, kanpoan geratzeko zorioan… Baina, batez ere, Barça San Mamesen eta Granada han. A ze giroa. Betiko gogoratzeko partidak izan dira”.

Zenbait zalek futbolari gisa izan duen aurkari zailenari buruz galdetu diote: “Messi, zalantzarik gabe, baina baita Neymar ere, Barçan eman dituen lehen urteetan. Bestalde, Ronaldo mitikoaren aurka jokatu ezin izateak amorrua sorrarazten dit“. Eta haren idoloei buruz, Iñigok zera erantzun du: “Idoloak ez ditut inoiz izan. Txikitatik gustatu izan zait futbolean jokatzea, talka egitea, golak egitea… Azken finean, kirola egitea. Hierro eta Puyol bezalako zentraletak erreferente izan ditut, hori bai”.

Amaitzeko, Iñigok gogoratu du: “Laguntzeko egin dezakegun lehenengo gauza etxean geratzea da. Gure kasuan, lehen mailako futbol jokalariak garenez, jarraitzaile asko ditugu, eta gure eginbeharra da adibidea ematea eta jendea kontzientziatzea. Eta, nola ez, egoerari aurre egiteko ahal ditugun elkartasun ekimen guztietan laguntzen saiatzea “.