undefined

“Partidaz partida irabazi behar da tokia”

“Partidaz partida irabazi behar da tokia”

Asier Villalibrek kazetariek eta athleticzaleek klubeko sare sozialen bidez egindako galderei erantzun die #Etxetik

Asteko lehen prentsaurreko birtuala Asier Villalibrerekin. Aurrelari gernikarrak zaleek eta hedabideek Klubeko sare sozial ofizialetan egindako galderei erantzun die.

Ordenagailu bidezko solasaldian, Villalibrek Lezaman eman zituen lehen urteei buruz hitz egin du, baita ‘Bufalo’ ezizena zergatik jaso zuen azaldu ere, futbolaz gain gustuko dituen kirolak aipatu, Kopako penalti txandetan sentitu zuen urduritasuna azaldu, Balenziaga, Dani Garcia, De Marcos, Lekue eta Vesgarekin batera duen musika taldearen berri eman eta beste hainbat gai aipatu ere.

Villalibrek aitortu du “gogo ikaragarria” duela Athleticeko zaleak elkarrekin ikusteko eta San Mamesen jokatzeko, baina gogoratu du “gu zaintzeko, ingurukoak zaintzeko eta etxean egoteko unea” dela. “Iritsiko da denok berriro elkarrekin egoteko unea”.

Asko dira bere lehen titulartasunari eta LaLigako lehen golari buruz galdetu diotenak, eta horri Asierrek erantzun dio: “Espanyolen aurkako partida beti gogoratuko dut. Athleticekin ligan lehen aldiz titular gisa jokatzea eta gola sartzea gauza sinestezina da. Pena izan zen azken emaitza, lan handia egin baitgenuen“.

Gaur egun taldean duen rolari dagokionez, Villalibrek aitortu du “urte ona izaten ari dela, baina partidaz partida erakutsi behar da. Partida on pare bat izan ditzakezu, baina ez zara horregatik lehen taldeko jokalaria bihurtzen. Hori egunero lortu behar duzu”. 

Horretarako, “Aduriz baino adibide hoberik ez dagoela” dio Asierrek. “Superbotere asko lapurtuko nizkioke, baina batekin geratu beharko banu, bere errematea aukeratuko nuke”. Luis Suarezi ere asko erreparatzen diola dio: “Gustatzen zait nola mugitzen den, espazioak zein ondo ikusten dituen eta bere gorputza nola erabiltzen duen”.

Hainbat galdera egin dizkiote beste talde batzietan utzita jokatu zituen garaiei buruz. Horietatik asko ikasi izana aitortu du Villalibrek: “Egia da ez nuela asko jokatu, baina psikologikoki indartsuagoa bihurtzeko balio izan zidaten. Kanpoan egiten duen hotza sentitu dut, eta zein ondo dagoen hemen ulertu dut”. 

Asier eta tronpeta. Jarraitzaile asko dira instrumentuarekiko duten zaletasunagatik interesatu direnak: “Nire lagunik onenak bateria jotzen du elektrotxaranga batean. Ni asko joaten nintzen ikustera, eta tronpetaren lagun egin nintzen. Denborarekin hura jotzeko gogoa sortu zitzaidan, eta eskolak emateko eskatu nion. Gaur arte, ikasten jarraitzen baitut”.