
Aurkariak herrialdeka: INGALATERRA
Aurkariak herrialdeka: INGALATERRA
Gure aurka jokatu duten 43 klub ingelesen zerrenda errepasatuko dugu. Londreseko Civil Service da zerrendaburua. Duela 109 urte izan zen gurean
1911ko apirilaren 17an, Athletic Clubek lehen aldiz egin zion aurre talde ingeles bati, Londreseko Civil Service taldeari, hain zuzen. Jolaseta zelaian izan zen. Zerrenda horretan 43 klub daude, kontuan hartu gabe hasierako urteetako marinelen eta antzekoen aurkako topaketak, eta gizonezkoen lehenengo taldeak soilik jokatutakoak.
1863an 11 taldek ezarri zituzten futbolaren oinarriak, kirol gisa, errugbitik bereiziz, eta TheFA elkartea sortu zuten (Futbol Elkarte Ingelesa). Biziraun duen bakarra Civil Service FC da, gure lehenengo aurkari ingelesa. Kontinente osoan zehar futbola zabaltzeko egitekoan funtsezkoa izan zen talde amateurra, izan ere, mende hasieran hainbat bira egin zituen, eta laster profesional bihurtuko ziren eta Europako onenen artean kokatuko ziren hainbat kluben aurka jokatu zuen.
Estatistikak
Civil Service lehena da zerrenda honetan. 42 klub dira guztira eta 103 partida egin ditugu haien aurka; 18 aldiz lehiaketa ofizialean eta beste 85 lagun arteko partida gisa.
Guztira, Athleticek 40 partida irabazi ditu, 45 galdu eta 18 berdindu.
Athletic Club eta Chelsea FC Mr. Pentlandi San Mamesen eginiko omenaldi partida jokatu baino lehen, 1959an
Mota guztietako aurkariak
Mende batez baino gehiagoz izan ditugu partidak, eta dagoeneko desagertuta dauden hainbat talderen aurka jokatu du Athleticek, hala nola Casuals, Nunhead, New Crusaders edota West Norwood. Bestalde, badaude Premier League ligan dabiltzan hamahiru klub, munduko klubik boteretsuenen artean sailkatzen direnak, gainera: Liverpool, Manchester City, Manchester United, Tottenham, Chelsea, Aston Vila, Burnley, Everton, Leicester, Newcastle, Southampton, West Ham eta Wolverhampton. Gure aurkarien artean Premierreko klasiko batzuk ere agertzen dira, hala nola Middlesbrough, Queen´s Park Rangers, West Brom edo Fulham; eta Brian Cloughen bidez historia egin zuen talde bat, Nottingham Forest, bi Champions (Europako Kopa) irabazi baitzituen jarraian.
Behin baino gehiagotan aurkari izandakoak
Athletic Clubek bost aldiz jokatu du aurkari ingelesetako bederatzirekin. Balantze positiboa Manchester United, Everton eta Southampton taldeen aurka (hiru garaipen / bi porrot); West Bromwich Albion eta West Norwood taldeen aurka berdinduta, eta balantze negatiboa Aston Vila (1V/2E/2D), Liverpool eta West Ham (1/3/1) taldeei dagokienez.
Europako txapelketak
Europako 9 kanporaketetatik, Athletic Clubek horietako lau gainditu ditu, 6 partida irabazi, 8 galdu eta 4 berdinduz.
- Bereziki aipatu behar dira Manchester United taldearen aurkako kanporaketak. 1956/57 denboraldiko Europako Kopako final laurdenetako joanekoan, Athletic 5-3 gailendu zen San Mamesen, elurpean, baina kanpoan geratu zen bueltakoan, 3-0. UEFA Europa Leagueko final hamaseirenetan, Athleticek partida biak irabazi zituen: 2-3 ahaztezina Old Trafforden, eta 2-1 San Mamesen.
- Liverpool 1968/69ko UEFAko hogeitahamabirenetan kanporatu genuen, baina errebantxa hartu zuen Championsean (Europako Kopa) 83/84 denboraldian.
- Aston Vilak UEFA Europa Leaguetik kanporatu gintuen haien aurka jokatu genuen bietan: 77/78an eta 97/98an.
- Manchester Cityk ere kanpoan utzi zuen Athletic Europako Recopako final hamaseirenetan, 69/70ean.
- Southampton eta Newcastle garaitu egin genituen UEFAko hogeitahamabiren eta hamaseirenetan, 71/72 eta 94/95 denboraldietan.
Athletic Club – Manchester City. 1969. urteko Recopako final 1/16ak. Etxeberria eta Book kapitainak
Bitxikeriak
- Emaitza bi partidatan errepikatuta, eta penaltirik egiten ez zenez, 1968an Liverpoolen aurka egindako Europako kanporaketa txanpon bat airera jaurtiz ebatzi zen. Talde zuri-gorriaren alde erori zen.
- Klub ingeles bati bost gol egindako kanporaketa bakarrean (5-3 Manchester United taldeari Europako Kopan), txapelketatik kanpo geratu zen, bueltako 3-0ko emaitzagatik. Bitxia bada ere, partida hori ez zen Old Trafforden jokatu, Maine Roaden baizik, City taldearen zelaian; izan ere, United taldearena berreraikitzen ari ziren.
- Athletici hiru aldiz irabazi diote klub ingelesek gol kopuru handiagatik, lehenengo norgehiagoketan. Civil Service taldearen aurka 1912an, 3-8, eta English Wanderers eta West Ham taldeen aurka 1914 eta 1921ean, hurrenez hurren, biak 0-6 emaitzarekin.
- Gauzak zer diren, gure aurkari ingeles klasikoen artean ez dago Arsenal ospetsua, baina bai nesken taldea, Arsenal Ladies, gure neskek bi aldiz jokatu baitute haien aurka.
- Eddy Merckx txirrindulari txapeldunak ohorezko sakea egin zuen San Mamesen, Southampton taldearen aurkako kanporaketan.
- Ingeles kategoria goreneko (Premier League gehi First Division) sailkapen historikoko lehenengo 25 taldeetatik, 7 talderen aurka soilik ez gara aritu: Arsenal FC (2), Sunderland (10), Blackburn Rovers (12), Sheffield Wednesday (14), Sheffield United (17), Leeds United (20) eta Stoke City (23).
Zigandak garaipenaren gola sartu zion Newcastle UFC-ri. UEFAko final 1/16etako itzuliko partida, 1994-95.