Beste zuri-gorriak (eta II)

Beste zuri-gorriak (eta II)

Bigarren eta azken kapitulu honetan gure kolore bereizgarriekin bat egiten duten munduko zenbait talde izango ditugu hizpide

Ingalaterran ez ezik, XIX. mendeko azken bi hamarkadetan elastiko zuri-gorria jantzi zuten klubak ere bazeuden. Adibidez, Eskozian hogei talde inguruk erabili dituzte kolore horiek denbora-tarte jakinen batean, baina horietako bakar batek ere ez ditu egun erabiltzen. Premiership-etik Aberdeen-ek (1889tik 1903ra) eta Hamilton Academical-ek (1889-1900, 1972-1976) bakarrik egin zuten jantzi zuri-gorriaren aldeko apustua. Estatistika zaleentzat, marra bertikalak jantzi zituen eskoziar lehen kluba Airdrieonians izan zen (2002tik Airdrie United FC izena dauka), 1885an.

LaLigan Atletico Madril bakarrik dago multzo honetan, eta Bigarren Mailan AlmeriaCD LugoReal Sporting Gijon eta Girona FC taldeek elastiko zuri-gorriak erabiltzen dituzte, baina horietako inork ez du praka beltzarik Athletic bezala.

Kontinente Zaharrean, Sparta Rotterdam Herbehereetako talderik zaharrenak (1888), bere ohiko kamiseta zuri-gorri eta praka beltzarekin leial izaten jarraitzen du. Antza denez, Sunderlandeko jantzia gustatu zitzaien zenbait batzarkideri eta 1899an ezartzea erabaki zuten. Bere armarrian jokalari bat ikus daiteke, 1970eko hamarkadako Athletic Club gogorarazten duen uniforme batekin baloia kontrolatzen, zerrenda horizontal gorri eta zuriak dituzten galtzerdiak barne. San Mameseko lehoiak bezala, Sparta ez zen inoiz mailaz jaitsi 2002an saihestu ezin izan zuen arte, jada maila berreskuratu duen arren.

Spartaren hamaikakoa. Holandako txapelduna

PSV Eindhovenek ere, gorria eta zuria marra bertikaletan erabiltzen ditu bere elastikoan, Ajax eta Feyenoorden kolore berberak, 1950eko hamarkadako profesionalizazioa gauzatu zenetik Eredivisie-ko beste bi talde hegemonikoak. 1913an sortu zen Philips tresna elektrikoen enpresako langileak entretenitzeko (hortik dator Philips Sport Vereniging – Philips Kirol Kluba izena nederlanderaz). 1988ko Europako Kopako txapelduna izan zen Ronald Koeman, Soren Lerby edo Eric Gerets ospetsuekin. Bere sorrerako bileran, Jan-Willem Hofkes klubeko lehen presidenteari deigarria egin zitzaion mahai gainean bere limoi-edaria, masusta gorriz egina, libreta zuri batekin eskaintzen zuen koloreen kontrastea, eta, konbinazio horren ondorioz, kamiseta erabaki zen, galtzari beltza erantsiz. Azken kolore hori Ipar Brabanteko armarriarekin lotzen da, Eindhoven hiria finkatuta dagoen probintzia, hain zuzen ere. Beraz, PSV-ren lehen kit-a marra bertikaldun alkandora gorri eta zuria, galtza beltzak eta marra horizontaldun galtzerdi gorri eta zuriak izan zen, ordutik mantendu dena, baina oso moldaketa ezberdinetan, aldi baterako aldaketaren batekin erabat gorria zen elastiko batera.

 1929an txapeldun izan zen PSV Eindhoven taldea

Belgradon, 1945ean Izar Gorria sortu zen, Serbiako talderik sarituena, palmaresean Europako Kopako titulu bat eta Intercontinental titulu bat dituena (1991), biak Sinisa Mihajlovic edo Dejan Savicevic bezalako maila handiko jokalariekin konkistatuak. Bigarren Mundu Gerraren amaieran, SK Jugoslavija taldea, Jugoslavia zaharreko talderik ezagunenetako bat, aldi berean SK Velika Srbija (Serbia Handia) izenekotik zetorrena, itxi egin zuten Tito mariskalaren agintari komunistek “etsaiaren laguntzaile” zela leporatuta. Izar Gorria, talde honen hondakinetatik sortu zen, eta bere kolore zuri eta gorria hartu zituen, bere presidenteordeak izan ziren Zoran Žujovic eta Slobodan Ćosić-en eskariz. Beraz, Izar Gorriaren ohiko uniformea marra bertikal gorri eta zuridun kamiseta eta kolore gorri edo zuriko praka eta galtzerdiak dira. Batzuetan uniforme erabat gorri edo erabat zurira aldatzen da. Dena dela, Serbiako taldeak, FK Partizan aurkari sutsua duenak, Athletic Clubek baino marra bertikal askoz lodiagoak erabili ditu nagusiki.

Greziako futbolaren historiako talderik arrakastatsuenak den Olympiacos El Pireo-k (1925ean sortua, Antzinako Joko Olinpikoetan oinarritutako izen batekin), gure taldearekin bat dator bi kontutan: bere jokalariak zuri-gorriz janzten dira eta inoiz ez dira mailaz jeitsi. Kirol koloreen esleipena klubaren ikurretik etorri zen, non irabazle olinpiar nerabe bat agertzen den, erramuz koroatua, gorriaren eta zuriaren esklusibotasunarekin; lehenak garaipena lortzeko grina sinbolizatzen du, eta bigarrenak, garbitasuna eta lehia noblea. Koloreen ideia Yannis Andrianopoulosi dagokio, Pireoko familia ospetsu bateko bost anaietako bati, honen aita Olympiacosen sortzaileetako bat izan zelarik. Bost Andrianopouloak aurrelariak ziren, eta erasoko lerro hori laster egin zen ospetsu Panathinaikos auzokidearekin munduko lehiarik polemikoenetako bat mantentzen duen taldean, “Betiko etsaien derbia” jokatzen duelarik. Olympiacosen ohiko uniformeak marra bertikaleko gorri eta zuriko kamiseta eta praka eta galtzerdi gorriak ditu. Elastikoak diseinu ezberdinak izan ditu historian zehar, adibidez, marra mehe edo zabalagoekin.

Ozeano Atlantikoaren beste aldean, Athletic Clubekin nolabaiteko antza duen izen handiko futbol taldea Estudiantes de la Plata da, Buenos Aires probintziakoa, eta bertako maskota ofiziala lehoia ere bada (bere 1968ko argazkiak artikulu hau aurkezten du).

Talde honetako zaleek, “Pincharrata” ezizenez ezagutzen direnak, euren burua “tetratxapeldunak” bezala ezagutzen dute, Estudiantesek Ameriketako Libertadores Kopa lau aldiz irabazi izanari erreferentzia eginez, horietako hiru, elkarren segidan hirurogeiko hamarkadaren amaieran, Carlos Bilardo eta Juan Ramon Verón “Bruja” bere taldean zirela, eta, ondoren, 1968an, Intercontinentaleko txapeldun bihurtu zen Manchester Uniteden aurka.

Bere elastikoaren koloreak eta diseinua, marra bertikal gorri bizia eta zuriekin, 1906an egindako bazkide fundatzaileen batzar batean ezarri ziren, English High Schooleko taldeek erakusten zituzten berorien alde eginez, horietako gehienak eskola honetakoak baitziren (erakunde honen sortzailea, Alexander Watson Hutton, Argentinako futbolaren “aitatzat” jotzen da).
Hala ere, kolore horiek eskolako ikasle ohien klubak, Alumni Athletic Clubak, jada erabiltzen zituen, eta, beraz, Argentinako Futbol Elkarteak jantzi hori errefusatu zuen, eta, horregatik, marra bertikal zabalagoekin berriz diseinatu ziren. Alumni 1913an desagertu zen, eta hori dela medio Estudiantesek bost marra gorri eta lau zuri sartu zituen elastikoan, kluba sortu zenean ezarri ziren bezala. Praka eta galtzerdiak beltzak dira.