Koldo Aguirre, beti gogoan
Familia zuri-gorrian maitatuen izandako irudiak, joan den uztailean zendu zena, gaur 81 urte beteko lituzke
81 urte beteko lituzke gaur, apirilak 27, Koldo Aguirrek, Athleticen historian egondako erreferentirik garrantzitsuenetariko batek. Sondikan jaioa, aurrelariak 12 denboraldi jokatu zituen Athleticen eta lehen taldeko entrenatzailea beste hiru urte izan zen, Lezamako koordinatzaile eta klubeko enbaxadore izateaz gain, beti ere peñekin harreman etengabean.
Aguirre Getxoko gazte taldean hasi zen futbolean, 15 urte zituela, eta Athleticen deia jaso zuen 17 urte zituela. 1958ko urtarrilaren 19an debutatu zuen Real Zaragozaren aurkako partida ofizialean eta lehoi bezala jokatu zituen 295 partidetatik lehen neurketa izan zen hura, kamiseta zuri-gorriarekin 64 gol sartzera iritsiz. Bere kirol lorpenen artean, lortu zituen bi Kopak nabarmentzen dira (1958 eta 1969), horietatik lehena gogoratuena izan zelarik, Athletic Clubaren historiako 21. kopa izan zena. 19 urte besterik ez zituela, Real Madrili bere zelaian 2 eta 0 irabazi zion ‘hamaika baserritarren’ artean gazteena izan zen Aguirre. Real Madrilek denboraldi horretan bertan lortu zituen Europako Liga eta Kopa.
Gainera, jokalari bezala, 1965-66 denboraldian lortu zuen balentria oso gogoratua da. Ligako 6. jardunaldian, 71. minutuan, Athletic 3 eta 0 galtzen zihoan RCD Espanyolen aurka Sarrian. Aguirrek, hegal batean jokatzen ari zela, Piru Gainza entrenatzailearen aginduak ez betetzea erabaki zuen. Patuaren gauzak, lau gol sartu zizkion 13 minututan Carmelo Cedruni, garai hartan katalanen atezaina zenari eta bere lagunari, norgehiagoka irabazten amaitzeko, 3-4.
Belarretik urrun, baina aulkietatik, Koldo Aguirrek hiru denboraldiz zuzendu zuen lehen taldea, beheko mailetako aulkiak ere hartuz (haurrak eta Bilbao Athletic). Zuri-gorriak zuzentzen 137 partida eman zituen. Ez zuen titulurik irabazi, baina oso gertu egon zen lehen denboraldian batez ere, Kopako finalera iritsiz Real Betisen aurka eta UEFAkoa ere, Juventusen aurka. Kirol hutsa alde batera utzita, 1980ko hamarkadan txapeldun izan ziren Santi Urkiaga, Manolo Sarabia edo Estanis Argote bezalako jokalariei debuta egiteko aukera eman zien.
Aulkietatik erretiratu ondoren, Athleticekin lotuta jarraitu zuen, klubaren enbaxadore bezala, beti Athleticek dituen peñen beharrez arduratuta. Familia zuri-gorri guztiak maite zuen irudia, berdindu ezina.