undefined

Gogoan hartzeko moduko aurkariak (I): Ingeles historikoak

Gogoan hartzeko moduko aurkariak (I): Ingeles historikoak

Historian zehar, Athletic Clubek izen misteriotsu bezain interesgarriko aurkariak izan ditu

XX. Mendearen hasieran Lamiakoko zelaietan partida ofiziosoak jokatzen hasi zenetik, Athletic Club taldeak hainbat eta hainbat aurkari izan ditu. Horietako batzuk ahanzturan geratu dira, edo, besterik gabe, desagertu egin dira. Horietako batzuen kasuan, beste garai bat gogorarazten duten taldeen izenak baino ez zaizkigu geratzen. Izan ere, lehen tituluak herrialde eta klub gehiagoren artean banatzen ziren; esaterako, Celtic, Feyenoord, Steaua edota Crvena Zvezda taldeak Europako Koparen irabazle izan dira noizbait.

Errepasatu ditzagun gure historiako parte izan diren aurkari misteriotsu eta interesgarri horiek. Gure aurkari ingeles ezezagunenen errepasoarekin hasiko dugun erreportaje sorta honetan.

Shepherd’s Bush (San Mames, 1913)
San Mamesen jokatu zuen lehen talde atzerritarra, Londreseko Shepherd’s Bush, 1915ean desagertu zen, Lehen Mundu Gerrarekin batera. Abuztuaren 23an jokatu zuen Athleticen aurka, Irungo Racing taldearen aurka zelaia inauguratu eta bi egunera. 0-1eko emaitzarekin irabazi zuen, beraz, esan dezakegu San Mamesen garaipena lortu zuen lehen taldea izan zela. Ohore hori gure oroimen kolektiboan gordetzeko modukoa da, dudarik gabe. Londresen Loftus Road izeneko zelaian jokatzen zuen, Queens Park Rangers taldeak oinordetzan jaso zuena.


Shepherd’s Bush taldearen argazkia

Clapton Orient FC (San Mames, 1914)
Londreseko klub historiko hau Leyton Orient FC deitzera pasa zen Bigarren Mundu Gerraren ostean, eta, hain zuzen ere, gerra horretan burutu zuen egitekoagatik merezi du gogoratzea. Talde hartako hamar jokalari, seguru aski maiatzean San Mamesen jokatu zuen taldekoak, Futbolarien Batailoian sartu ziren 1914an. 1916an Sommeko batailan borrokatu zen britainiar soldaduen konpainia. Milioi bat heriotza inguru izan ziren borroka hartan, horien artean, Claptoneko hiru futbolarirena: W. Jonas, R. McFadden y G. Scott. Bitxia bada ere, Sommeko gudu horretan bertan hil zen Realeko lehen atzerritarra, George McGuinness.


Clapton Orient San Mamesen (AC Museoa)


English Wanderers
(San Mames, 1914)
“Ingeles erratuak” deitzen zitzaien; izan ere, Europatik bidaiatu eta futbol ligak egitea maite zuten selekzio ingeleseko jokalari amateur talde bat zen. Hiru lehoien armarria bordatua zeramaten kamisetaren ezkerreko aldean, eta praka urdinak. Wanderers ezizena (erratuak) ohikoa izan zen futbolaren hasieran, talde batzuek ez zeukatelako zelai propiorik, edo futbolean jokatuz bidaiatzeak kutsu erromantiko bat zeukalako, XIX. Mendearen amaierako ingeles sentimendu bat. Garai hartan sortu ziren Wolverhampton Wanderers, Wycombe Wanderers eta Bolton Wanderers klubak, esaterako. Azken horren aurka ere jokatu genuen 1955ean eta 2002an.


Uribe eta Arieta, Athletic 2 – Bolton Wanderers 1. (AC Museoa)

Dulwich Hamlet FC (San Mames, 1921eko martxoaren 27 eta 28a)
Athleticek bere historian izandako talde misteriotsu eta interesgarri guztien artean, beste garai bateko futbolaren aldarrikatzaile onena hau izango litzateke: Dulwich Hamlet FC. XIX. Mendean sortutako klub historikoa. “Here comes the Dulwich… The pinkblue Dulwich… Smoking a cigar… Reading Shakespeare… Hamlet!!”. Gaur egun Vanarama National League mailan dabil, hau da, Ingalaterrako bosgarren maila izango litzatekeena. Kamiseta arrosa eta urdina erabiltzen dute, eta biziraupenaren aldeko borroka ere irudikatzen du, izan ere, beren jabe berriek, 2014an kluba bereganatu ostean, beren zelaitik bota zituzten, interes higiezin eta ekonomiko hutsengatik. Hala ere, zaleek egindako presioari esker, beren jatorrizko etxera bueltatu ahal izan ziren 2018ko abenduan, Champion Hillera.


Athleticen aurkako partidaren kartela eta Hamleten argazkia. (Athletic aldizkaria)