undefined

Urteurrena: lehen lehoiak, lehen txapeldunak

Urteurrena: lehen lehoiak, lehen txapeldunak

17 urte betetzen dira gaur Athletic Clubeko emakumezkoen lehen taldea osatu zen denboraldian Superligako lehen titulua lortu zuenetik

Badira 17 urte Athletic Clubeko emakumezkoen taldeak lortu dituen bost tituluetako lehena lortu zuenetik. Estatuko emakumezkoen futboleko klub bakar batek ere ez du lortu marka hori gainditzea orain arte. Athletic Club izenaz txapelketa ofizialean agertu zenetik, lehoi emeek hiru titulu lortu zituzten jarraian (2002-2003, 2003-2004 eta 2004-2005). Geroago, 2006-2007koa iritsi zen, eta, hurrengo hamarkadan, 2015-2016koa.

2002-2003 denboraldian, Athletic Clubeko emakume taldearen sortzearekin batera, arrakastaz beteriko etapa bat hasi zen klubeko atal honen ibilbidean. Andoni Zubizarretak, Ernesto Valverdek eta Javier Uria hildako presidenteak lehen pausoak eman zituzten sendotutako emakumezkoen futbolaren erreferente bihurtu den proiektuari. Iñigo Juaristik hartu zuen taldearen gidaritza, gehienak Leioa EFT-tik etorrita, Sondikatik igaro ondoren.

Lezamak emakumezkoen lehen taldea hartuko du

Denboraldi hartan Lezamak iraultza txiki bat bizi izan zuen. Zelai berriak eraikitzen ari ziren bitartean, lehen aldiz ikusi ziren emakume futbolariak instalazioak erabiltzen. Garai hartan benetako luxua zen futbolean amateur moduan aritzen ziren emakume hauentzat. Lehen lehoiak arratsaldez entrenatzen ziren (19:00etan), gehienek lanaldia amaitzen zutenean. Lehen denboradian, inork ez zuen espero zuri-gorriek hain maila altua erakutsiko zutenik. Levantek aurreko bi ligak irabazi zituen eta euren aurkari handia zen. Izan ere, granate-koloredunek zuri-gorrien puntu berdinekin bukatu zuten (55 puntu), baina bion arteko golen batezbestekoa Athleticek zuen bere esku. Lehoiek ia 2.000 zale bildu zituzten Lezaman Torrejonen aurkako estreinaldian. Hilabete batzuk geroago, San Mamesen ateak lehen aldiz zabaldu ziren emakumezkoen futbol partida batez gozatzeko. 2003ko martxoaren 30ean Pueblaren aurka 5-1 amaitutako norgehiagoka hura historikoa da jada.

Hitzordu nagusia San Mamesen

Juaristiren neskeek partida bakar bat galdu zuten sasoi osoan, eta 2003ko apirilaren 27an, Sevillako Híspalis 5-0 mendean hartuta, Superligako txapeldun geratu ziren San Mamesen, 35.000 zaleen aurrean; oraindik lehertu gabe zegoen emakumezkoen futbolerako asistentzia errekorra. Nerea Onaindiak, kapitainetako batek, bere taldekideek “Nere, aurrera” kamiseta bat zeramatela ikusi zuen, aurrelaria larri lesionatu baitzen hilabete batzuk lehenago. Giroa ikusgarria zen. Jokalari andaluziar batzuek bideo-kamerekin momentua hilezkortu zuten jokalekutik bertatik. Jokoak gutxienetik gehiagora egin zuen, eta Tzibi Juaristik, Ebak (birritan), Eli Ibarrak eta Lorenak (penaltiz) gol-kopuru handia sinatu zuten. Katedralaren zelaian egindako ospakizuna bilbotar guztien oroimenean geratu zen.

Zuri-gorriak kamioi batean ibili ziren titulua erakutsiz Bilboko kaleetan, eta Juan Jose Ibarretxe orduko lehendakariak harrera egin zien. Athletic Clubek ezin hobeto eman zuen bere lehen pausoa elitean, eta emakumezkoen kirola Athletic Clubeko lehoiak etorkizunean jarraitu beharreko adibidetzat hartzen hasi zen.