undefined

Ainhoa Tirapuk erretiroa hartuko du denboraldi amaieran

Ainhoa Tirapuk erretiroa hartuko du denboraldi amaieran

Hamabost denboraldiren ostean, Athletic Cluben kapitainak ibilbide bikain bati amaiera emateko unea dela erabaki du

Ainhoa Tirapuk (1984-09-04) Athletic Clubeko kapitain eta atezainak, denboraldi amaieran futbolean jokatzeari uzteko unea iritsi dela erabaki du. Hamabost sasoi oso biziak izan dira emakumezkoen futbolean arrastoa utzi duen jokalari honentzat. Atepean sortzetiko liderra izan da, baita jokalekuetatik kanpo ere; nafarrak amaiera eman dio bi liga titulu lortu dituen kirol ibilbideari, eta 46 aldiz izan da nazioarte mailan. Ainhoa Tirapuk 358 partida ofizial jokatu ditu orotara Athleticen, eta beraz, zerrenda historikoan laugarrena da.

Tirapuk, Barañain jaioterriko SD Lagunak taldean hezia, denboraldi bat jokatu zuen Badajozen, 2005-2006 sasoian Bilbora etorri aurretik. Garai hartan, Athleticek Superligako hiru titulu irabazi zituen jada. Ainhoak 2005eko abuztuaren 9an egin zuen debuta Glasgowen aurkako UEFA Women’s Champions Leagueko partida batean. Norgehiagoka hau Zeist-en (Herbehereak) jokatu zen, eta 13 zenbakiaz zelairatu zen hasieratik 6-2ko emaitzarekin amaitu zen partidan, orduan Txabo Aragues entrenatzailearen esanetara.

Denboraldi bat beranduago, Iñigo Juaristirekin, Tirapuk bere lehen liga titulua lortu zuen. Atezainak San Mameseko soropilaren gainean ospatu ahal izan zuen lehoein laugarren garaikurra. Denboraldi hartan, Ainhoa Lehen Mailan finkatu zen, eta harrezkero amodio samur bat bezalakoa bizi du ate zuri-gorriarekin. Atepean erakutsitako joko-mailak Espainiako selekzioarekin debuta egitera eraman zuen, 2013ko Eurokopa eta 2015eko Munduko Txapelketa jokatu zituelarik.

Estrainekoz jokatu eta hamarkada batera, Tirapuk ligako bigarren titulua lortu zuen 2015-2016 denboraldiaren amaieran. Barañaindarrak guztia jokatu zuen eta taldeak 15 gol baino ez zituen jaso 30 jardunaldietan. Kapitaina emakumezkoen taldearen historian Erreginaren Kopako partida gehien jokatu dituen jokalarietako bat da (28), garaikurra irabazi ez arren. Bere ametsa aurten altxatzea zen, baina Koronabirusak ez dio utzi.

Ainhoa Athletic Clubeko jokalari bat baino gehiago izan da. Gure erakundearen eta kanpoko hainbat arazoez arduratuta, ezin hobeto ordezkatzen ditu bere balioak. Bere “Bizitza Eskukadaka” autobiografian, lehen pertsonan kontatzen du nolakoa izan den orain amaituko den bidaia. Emakume futbolaria, emakumezkoen futbolerako lehen hitzarmenaren aldeko borrokan aitzindari eta bozeramaile handienetako bat izan da, joan den otsailean sinatu zena. Tirapu hegaldi handiko atezaina izan da, karisma handikoa, eta dagoeneko ikur handia Athletic Cluben historian.