
Gogoan hartzeko moduko aurkariak (II): Itsasotik etorriak
Gogoan hartzeko moduko aurkariak (II): Itsasotik etorriak
Historian zehar, Athletic Club taldeak talde misteriotsu eta interesgarrien aurka jokatu du, eta merezi du datu horiek ezagutzea
Bereziki XX mendearen hasieran, Athleticek ingeles edo eskoziar marinelen aurka jokatu ohi zuen. Izan ere, itsasontzi askok botatzen zuten aingura Bilbon, lan kontuengatik. Itsasotik etorritako gure aurkarietako hiru dira gaurko erreportajearen protagonistak. Iragan misteriotsu eta interesgarria duten taldeak, dudarik gabe:
Acorazado Deutschland (Lamiako, 1909)
Alemaniar klub baten izen metaforikoa izan zitekeen, baina ez. Acorazado Deutschland taldea 1909an Portugaletera heldu zen ontzi bateko 200 marinelek osatutako selekzioa izan zen. Prusiako Enrique printzea zen agintaria garai hartan. Batez ere XX. Mendearen hasieran, ohikoa zen Athletic marinel ingeles edo eskoziarrez osatutako taldeen aurka aritzea, baina aurrerago ere egin zuen; esaterako, ontzi nazi bateko marinelez osatutako Admiral Graf Speer izeneko taldearen aurka jokatu genuen 1938an, 9-3 irabaziz, edota Portaviones HMS Ocean taldearen aurka. Talde horren ingeles tripulazioari dozena erdi gol sartu genizkion 1957an.
Acorazado Deutschlanden argazkia
Admiral Graf Speer (San Mames, 1938)
Gerra Zibila puri-purian zegoela, Admiral Graf Speer gurutzaontzi nazia Bilbora heldu zen, Hans Langsdorff ofiziala buru zuela. Ontzi hartako soldaduz osatutako talde batek Athleticen aurka jokatu zuen. Hitlerrek Francori laguntza eman zion gerraren hasieran, errepublikarrek kontrolatutako kostaldea zelatatzeko, eta Admiral Graf Spee taldea laguntza horren parte izan zen. Euripean, zuri-gorriek 9-3ko emaitzarekin garaitu zituzten naziak.
Athletic Club – Admiral Graf Speer partidaren kronika Gaceta del Norte egunkarian (1938)
Portaviones HMS Ocean (San Mames, 1957)
Britainiar Errege Flotako hegazkin-ontzi hori Bilbon egon zen 1957ko azaroaren lehen bost egunetan. 190 metroko luzera eta 24 metroko zabalera zuen, eta 1.300 gizonez osatutako tripulazioa, Guy Bourchier Sayer almiranteordearen esanetara. Futbol talde bat sortu zuten eta Athleticen aurka jokatu zuen, zuri-gorrien aurka 6-0eko emaitzarekin galduz. Bilboko egonaldia aprobetxatuta, boxeo gau bat ikusi zuten Deportivon eta pilota partida bat Santurtzin.
Athleticen (Merodio) eta HMS Oceanen kapitainak Oceanen aurkako partida hasi aurretik 1957. urtean (AC Museoa)