Gogoan hartzeko moduko aurkariak (III): Ekialdeko Europa
Gogoan hartzeko moduko aurkariak (III): Ekialdeko Europa
Historian zehar, Athletic Clubek talde misteriotsu eta interesgarrien aurka jokatu du, eta merezi du horiek ezagutzea
Europako ekialdetik zetozen futbol-taldeak erakargarri bezain enigmatikoak ziren. Sobietar Batasunetik eta beste herrialde batzuetatik zetorren futbolak, hala nola Hungariatik, eta beranduago Txekoslovakia, Jugoslavia edo Poloniatik, oso urte onak izan zituen Gerra Hotzaren sasoian, eta Athletic Clubek oso talde interesgarrien aurka jokatzeko aukera izan zuen.
Gradanski Zagreb (San Mames, 1923ko martxoaren 19a eta 22a. Atotxa, 1969ko iraila)
Gradanski Zagreb taldea 1923an izan zen gurean (3-0 lehen partidan eta 1-2 bigarrenean). Herrialdeak ez zuen ofizialki Yugoslavia izena, baizik eta Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresuma. Hain zuzen ere, klub interesgarri horren historia kroaziar izaerari oso lotua dago. Lehenik eta behin, 1911n sortu zutelako, Inperio Austro-hungariarraren politika magyar nazionalistei erantzunez. Eta, bigarrenik, teorian desagertu egin zelako Tito Mariskalaren partisanoek gidatutako agintaritza berriak 1945ean zigortu zuenean, Kroaziar estatu independenteko txapelketetan parte hartzeagatik. Entrenatzaileak, talde teknikoak, zaleek eta futbolari gehienek, hiri hartako Hask eta Concordia taldeekin batera, beste talde berri batekin bat egin zuten, Gradanskiren modukoa, baina beste talde sobietar askoren ezizena zeramana: Dinamo. Kasu honetan, Zagrebekoa.
PFC Beroe Stara Zagora (Beroe eta San Mames, 1973)
Moskuko Torpedoa kaleratu genuen, dekadentzian sartzen hasia zegoen sobietar talde handia. Horren ostean, Athletic Club taldeari Beroe hungariar talde ezezagunaren aurka aritzea egokitu zitzaion. Ustekabean, joaneko partidan geratu zen kanporaketa erabakita, zuri-gorriei 3-0ko emaitza ezarrita. Lasak bueltakoan sartutako gola ez zen nahikoa izan emaitzari buelta emateko. Lehoien aurkako garaipen hura eta 1979an Juventusen aurka lortutakoa izan ziren nazioarteko garaipen berezienak. Bitxikeria moduan, historian zehar izena gehien aldatu duen taldeetako bat izan da: 16 aldiz, 1916an sortu zenetik.
Viktoria Zizkov (San Mames, 1923ko apirilaren 1a eta 2a)
Pragako Zizkov auzoko talde zuri-gorria Txekiar Errepublikako talderik zaharrenetakoa da, eta gerren arteko aldian bisitatu gintuen (1-0 eta 0-2), txekoslovakiar futbola nagusitasun posizio batean zegoela. 34an Italian egindako Munduko Txapelketan txapeldunorde geratu zen. Gaur egun, Viktoria Zizkov taldea bigarren mailan dabil, hiriburuko bi taldeen itzalpean: Pragako Slavia eta Sparta. Bitxikeria moduan, esango dugu talde honi buruzkoa dela futbolaren inguruko fikziozko film luze zaharrena: “Men Offside”. Svatopluk Innemannek zuzendu zuen 1931n, Karel Poláček idazlearen nobelan oinarritua. Viktoria taldearen jarraitzaile handia zen bera.
Chinezul Timisoara (Banatul, 1926)
Athleticek 1926an egin zuen bere lehen bira handia Europan zehar, abuztuaren 28a eta irailaren 12a bitartean. Hamabost egunetan Suediako SC Young Fellows eta Grasshopper taldeen aurka jokatu zuen Zurichen; Austria Wien taldearen aurka Vienan; MTK Budapest taldearen aurka hungariar hiriburuan. Azken partidak Errumaniara eraman zuen, eta 3-0 galdu zuen Chinezul Timisoara taldearen aurka. 1910ean sortua, Chinezul taldeak errumaniar futbola menderatu zuen 20ko hamarkadan, elkarren jarraian sei txapelketa irabaziz. 1946an desagertu zen, eta Timisoara hiriak ez zuen beste futbol talde zehatz batekin loturarik izan, baizik eta Tarzanen pertsonaia interpretatu zuen aktorearekin, hau da, Johnny Weissmüllerrekin.
Athletic eta Chinezul, Timisoaran (AC Museoa).
Vasas (San Mames, 1971)
Athleticen historia hungariar futbolarekin lotuta egongo da beti, Ferencvarosi TC taldearen aurkako lehiagatik. Talde horren aurka jokatu dugu gehien Europa mailako lehiaketetan. MTK Budapest taldearekiko lotura ere berezia da, Pichichiri loreak utzi zizkion lehen taldea izan baitzen, eta Cziboren Honved eta Puskas taldeak kanporatzea ere lorpen esanguratsua izan zen. Vasas taldea bloke komunistaren ordezkari fidela izan zen 50, 60 eta 70ko hamarkadetan, 1911n sortu zuen Altzairuaren Langileen Hungariako Elkarteak, eta gaur egun bigarren mailan ari da, baina oraindik ere badauka inork kendu ezin izango dion ohorea: Mitropa Kopa gehien dituen taldea izan da, 1927 eta 1992 urteen artean Italia, Austria, Jugoslavia, Txekoslovakia eta Hungariak jokatu zutena. Vasasek binako berdinketa lortu zuen I. Bilbo Hiria Txapelketan.
Carlos, Vasas taldearen aurkako partidan, 1971. urtean San Mamesen (AC Museoa).