undefined

Etxeberria: “Entrenatzaile gisa, futbol azkarra gustatzen zait”

Etxeberria: “Entrenatzaile gisa, futbol azkarra gustatzen zait”

Bilbao Athleticeko entrenatzaileak kazetariek eta zaleek klubeko sare sozialen bidez egindako galderei erantzun die #Etxetik

Gure lehen bi taldeetako futbolarien prentsaurreko birtualen ostean, gaur Joseba Etxeberriaren txanda da. Bilbao Athleticeko entrenatzaileak komunikabideek eta athleticzaleek egindako galderei erantzun die gure sare sozial ofizialetan.

Athletic Clubek Joseba Etxeberria fitxatu zuen Errealetik 17 urte zituenean. Hala kontatzen du berak: “Poz handia sentitu nuen. Banekien klub handi batera netorrela, baina ez nuen uste hainbesteko handitasuna zuenik gizartean. Oso eskertuta nago, ez baita erraza oraindik ezer erakutsi ez zuen gazte baten alde hain apustu handia egitea“.

Gure lehen taldearekin 15 denboraldi jokatu ostean, Etxeberi titulurik lortu ezaren “pena” geratzen zaio, baina “Ligako, Kopako eta Superkopako txapeldunorde” izanaren meritua aldarrikatu du. Oraindik gogoan du gure zaleen aurrean egindako debutaren sentsazioa: “Katedrala zapaltzen duzun lehen aldian… San Mames zaharreko eskaileretako urduritasunak ez zaizkizu inoiz ahazten“. Futbolari gisa izandako unerik onenari buruz galdetuta, Mendeurrenera arte atzera egin du, “ospatu ziren ekitaldi ugariengatik. Gainera, denboraldi horretan Ligako bigarren postuan amaitu genuen, eta orduan bi talde bakarrik sailkatzen ziren Txapeldunen Ligarako; azken jardunaldian, San Mamesen 1-0 irabazi genion Zaragozari nik sartutako gol batekin, nire kirol ibilbideko golik garrantzitsuena“.

Futbol azkarra” gustuko zaion entrenatzaile gisa aurkezten da. “Nahiko ezinegona naiz: nire jokalariek ziztu bizian jokatu behar dute, abiadura handiz jokatzean, erabaki onenak hartzea da zailena baina hori da nire taldeari eskatzen diodana, oso azkarra izatea baloia mugitzerakoan eta intentsitate handikoa presioan. Sistemari dagokionez, erabiliena 4-2-3-1 da, baina baita 4-3-3 eta 4-4-2ko eskemak ere erabiltzen ditut“. Ernesto Valverde da gustokoen duen entrenatzailea baina “Carlos Bianchiren Boca Juniorsi asko erreparatzen nion, Schelottorekin eta Palermorekin hori gustatzen zitzaidan talde hori. Azkeneko urteetan, gehien gustatzen zaidana Jürgen Klopp da, baina agian gehiago Borussia Dortmund taldearekin jokatzen zuen modua, orain Liverpool honekin jokatzeko modua baino, nahiz eta orain ere ikuskizun ikaragarria den“.

Bilbao Athletic egiten ari den denboraldi ona baloratu du Etxeberriak, eta talde filial baten prestakuntza lana izan du hizpide. “Ezkietak, Vencedorrek eta Sancetek debuta egin dute lehen taldearekin. Beste batzuk denboraldi bikaina egiten ari dira, Zarraga, Artola edo Morcillo kasu; Urain lesionatuta egon da, baina maila ona du. Jokalari batzuk lehen taldera igotzeko aukera irabazten ari dira, baina eurek erakutsi beharko dute“.

Beste garai bateko zein futbolarirekin jokatzea gustatuko litzaioke Joseba Etxeberriari? “Txopoarekin. Iribar gure klubeko mitorik handiena da, erreferente bat maila guztietan“.