undefined

San Mames zaharrari agur esateko porrotik latzena

San Mames zaharrari agur esateko porrotik latzena

Bihar 7 urte beteko dira Bartzelonak garaipena eta liga titulua lortu zuenetik zelai zaharra eraitsi baino lehentxeago

Hilabete eskas falta zen San Mames eraisteko lanak hasteko. 2013ko maiatzaren 5ean Athletic Club bosgarren liga titulua lortzeko oso gertu zegoen. Juan Luis Fuentesen lehoiek, hogeita hamargarren eta azken jardunaldira heldu baino lehen, partida bakar bat galdu zuten txapelketan. Hura urte ikusgarria izan zen. Hala ere, FC Bartzelona, jadaneko txapelduna, Katedralera iritsi zen txapelketa berriz irabazteko eta zuri-gorriak nahi eta ezinean uzteko gogoz, aurreko denboraldian bezala.

Goiza eguzkitsua zen. Maiatzaren lehen igandea eta Amaren Eguna. Giro ezin hobea San Mamesen 26.000 zalerekin Superliga berriaz gozatzeko, 2002-2003, 2003-2004 eta 2006-2007 urteetan ospatu ahal izan zen bezala. Zuri-gorriek berdinketa nahikoa zuten berriro txapeldun izateko. Partida kolpe haundi batekin hasi zen, izan ere, Melanie jokalari historikoak 0-1ekoa jarri zuen 3. minutuan falta jaurtiketa batean. Urduritasun handia zegoen, presio handia. Xavi Llorensen Bartzelona 0-2koa lortzeko gertu geratu zen, baina Soniaren jaurtiketak langan jo zuen. Atsedenaldira iritsi aurretik zuri-gorriek berdinketaren gol psikologikoa lortu zuten Eli Ibarraren bidez. Berdinketa horrek titulua irabazteko balio zuen.

Bigarren zatian, Athleticek aurkariaren areara erasotzen jarraitu zuen. Erikak eta Eli Ibarrak bigarren gola egiteko aukera izan zuten, baina atezain gorri-urdinak abaguneak urrundu zituen. Zoritxarrez, zelairatu berri zen Kentik sekulako kolpea eman zuen 74. minutuan 1-2koa sartzean. Nekanek langan jo zuen, baina markagailua ez zen mugitu eta bigarren Superliga jarraian lortu zuen Bartzelonak.

Gurutze eta Tzibiren agur saminak

Alde batetik, lehoien malkoak ikusi ziren; eta bestetik, Alexia, Sonia, Corredera edo Vickyren poza. Tzibi Juaristi eta Gurutze jokalari historikoek, adibidez, ligako azken partida jokatu zuten. Gurutze Fernandezek, gaur 41 urte betetzen dituena, Tzibik bezala minutu batzuk jokatu zituen bigarren zatian. Urretxukoak 240 partida jokatu zituen eta 89 gol sartu, kamiseta zuri-gorria jantzi zuen 11 denboraldietan. Gurutze, 2003-04 denboraldian Oiartzundik etorritakoa, emakumezkoen taldearen lehen hamarkadako golegileetako bat izan zen, eta palmaresean hiru liga ditu eta beste bitan txapeldunorde geratu da. Aurrelariak etsi egin behar izan zuen agur samin batez Katedraleko soropilaren gainean. Gipuzkoarra bederatzigarren jokalaria da partida ofizialen zerrendan. Postu bat gorago, zortzigarrenean, Tzibi dago, bere ibilbidea 262rekin amaitu zuena.