undefined

36 urte 84ko Kopatik

36 urte 84ko Kopatik

Denboraren joanak Athleticek Maradona eta Schusterren Barçaren aurka irabazi zuen titulu honen meritua goraipatzen du

Gaur, maiatzak 5, 36 urte bete dira Athletic Clubek 1984an Santiago Bernabeun jokatu zen Kopako finalean Fc Bartzelona 1-0 mendean hartu zuenetik. Horrela, bere 24. titulua lortu zuen, eta, gainera, Javier Clementek entrenatutako lehoiek astebete lehenago lortu zuten LaLigarekin batera, “dobletea” sinatu zuen. Denboraren joanak garaipen honen meritua handitu besterik ez du egin, hiru hamarkada eta erdi geroago lehoiek lortutako balentria handietako bat bezala nabarmentzen dena, beharbada, “hamaika baserritarren” final mitikoaren parean. 1958an zuri-gorriek Di Stéfanoren Real Madril irabazi zioten Chamartinen, eta 1984an beste bi argentinar, Cesar Luis Menotti entrenatzailea, eta Diego Armando Maradona, bere izarra, hartu zituzten mendean. Talde katalan hartan Bernd Schuster alemaniarra ere nabarmendu zen.

Javier Clementek 31 urte zituen, Bilbao Athleticetik igo eta 1981ean lehen taldearen ardura hartu zuenean. “Dena irabazten saiatuko gara”, esan zuen orduan, eta inork ez zuen imajinatu ere egin hiru urte geroago Athleticek bere bigarren aliroia kantatuko zuela ligan, ez eta 84ko Kopa hau irabaziko zuenik ere, azken 64 urteetako denboraldirik bikainena osatuz, 1956an bere aurreko “dobletea” lortu zuenetik.

Endikaren gol goiztiarra (13. minutua) eta bikaina, titularra Sarabiaren ordez, nahikoa izan zen presio itogarriaren eta talde lanaren bidez landutako garaipena lortzeko, blaugranek euren jokoa egitea eragotziz.
Argoteren pasea eskuinarekin korner baten irteeran, Endikak bularrez baloia jaisten duen modua, ezkerreko hankarekin egindako jaurtiketa, golaren ospakizuna besoa goian duela eta, hondoko oihala bezala, bandera zuri-gorrien itsasoa harmailetan (60.000 Athleticzale baino gehiago Madrilen), Athletic Clubaren imajinario kolektiboaren zati dira, sekuentzia historikoa eta ahaztezina, eta gaur 36. urteurrena ospatzen ari garena.