undefined

Ander Capa: “Puntu asko daude jokoan oraindik”

Ander Capa: “Puntu asko daude jokoan oraindik”

Portugaletetarrak #Etxetik erantzun die klubeko sare sozialen bidez kazetariek eta zaleek egindako galderei

Ander Capa izan da asteko lehen protagonista elkarrizketa birtualen sorta berrian. Portugaleteko atzelariak zaleek eta komunikabideek Klubeko sare sozial ofizialen bitartez egindako galderei erantzun die.

“Gurasoek txikitatik irakatsi didate Athletic zer den. Hemengoa izanda, kamiseta, kolore eta ezkutu hauek defendatu nahi dituzu, eta nik horretarako aukera izan dut. Harrotasun osoz egiten dut eta beti egingo dut, kolore hauek defendatuko ditut beti”. Horrela azaldu du Capak bertan jaio eta Athleticen koloreak jantzi ahal izatearen sentsazioa.
Gainera, gogora ekarri du Athleticek beragan interesa zuela jakin zuen unea: “Ez nuen beste talde baten berririk izan nahi”.
Bere ibilbideari eta Bigarren B Mailatik Lehen Mailara egindako igoerari buruz, “oso azkarra” izan zela azpimarratu du, “urtez urte”, eta “une horietan oso gaztea nintzen eta ez nintzen konturatzen. Oso urte onak izan ziren eta Gaizka Garitanoren eskutik igaro nituen”.
Konfinamenduari eta balizko itzulerari buruz galdetuta, Capak erantzun du astero deitzen dietela nola dauden eta ariketak nola daramatzaten ikusteko: “Itzultzen garenean banaka entrenatu beharko dugu, eta hori ez da polita taldeko kirol batean, futbolean. Ariketa fisikoak egingo ditugu gehien, baina fisikoki ondo jarraitzeko ondo etorriko zaizkigula uste dut”.
UEFAk Errege Kopako finalistetako bati eman beharrean, Ligako zazpigarren sailkatuari Europa Leaguerako sarbidea emateko hartutako erabakiari buruz galdetuta, beti ere finala UEFAk ezarritako data baino lehen jokatzen ez bada, atzelari zuri-gorriak esan du ez dela oso gustukoa izan aldagelan eta “LaLiga hastea eta zazpigarren postu horren bila borrokatzea besterik ez dugu nahi. Hori da orain geratzen zaiguna. % 100ean egoten eta zazpigarren postua lortzen saiatuko gara, 11 partida falta dira eta oraindik puntu asko daude jokoan”.
Azkenik, Capak bere iritzia eman nahi izan du publikoarekin edo publikorik gabe jokatuko litzatekeen final baten inguruan: “Final bat ez litzateke inoiz ateak itxita jokatu behar, niretzat aukera bakarra ateak irekita jokatzea da, ez dut besterik ikusten. Bestela, oso final tristea izango litzateke”.