undefined

Aurkariak herrialdeka: ESKOZIA ETA GALES

Aurkariak herrialdeka: ESKOZIA ETA GALES

Athletic Clubek bost eskoziar eta bi galestar kluben aurka jokatu du historian zehar. Dundee FC izan zen lehena, duela 97 urte

1923ko maiatzaren 20an Athletic Club taldeak eskoziar klub bati aurre egin zion lehen aldiz, Dundee FC taldeari, hain zuzen. San Mamesen jokatutako jarraikako bi partiden ostean, garaiko kronikek honako adierazpenak egin zituzten: “seguru aski, gure zelaia zapaldu duen talderik onena” (El Nervión), “sentsazio bikaina utzi zigun” (Gaceta del Norte). Eskoziarrek 0-3ko emaitzarekin irabazi zuten, eta bana berdindu zuten. Final bat irabazi ostean Mr. Pentlanden onddo-kapela apurtzeko ohitura inauguratu zuten Acedo eta Rivero zuri-gorriek, kasu hartan Europaren aurka Bartzelonako Las Corts zelaian, eta handik astebetera jokatu ziren partida biak. Hain zuzen ere, Dundee FC taldearen aurkako partidak entrenatzaile ingelesaren onurarako jokatu ziren, lortutako Kopagatik. Aurretik, mende hasieran, Athleticek Bilbora heldutako ontzietako marinel taldeen aurka jokatu zuen, eta Lamiakon eskoziar marinel horietako batzuen aurka jokatutako partida bat gutxienez jasota dago. 1909ko abenduaren 5ean izan zen, eta lehoiek 8-0 irabazi zuten.

Dundee FC taldea da eskoziar aurkarien zerrendako lehena. 5 klub izan dira, eta 12 aldiz aritu gara haien aurka, guztira. Partida horietako 5 Europako txapelketetakoak izan dira, eta beste 7ak lagun artekoak.
Guztirako zenbaketan, Athleticek 5 garaipen, 2 berdinketa eta 5 porrot lortu zituen.

Europako txapelketak

Athletic Clubek bitan jokatu du talde eskoziarren aurka UEFAko Kopari dagozkion zuzeneko kanporaketetan (orduan Azoken Kopa izena zeukan). Lehen aldian erronda pasatu eta bigarrenean erori ziren.

• 1964/65 denboraldiko Azoka Kopan egin zion Athleticek aurre bere lehen arerio eskoziarrari, Dunfermline Athletic FC. Gaur egun bigarren mailan dabil taldea, Scottish Championship delakoan, eta bere webgunean final zortzirenetako haren inguruko kronika zabal bat dauka jasota, Partida Gogoangarrien atalean. Kanporaketaren ostean hirugarren partida bat egin behar izan zen, biek irabazi zutelako 1-0 etxean. Txanpon bat airera botata, erabaki zen behin betiko partida San Mamesen jokatuko zela, eta lehoiek 2-1 irabazi zuten. Fidel Uriarte gazteak (20 urte) egin zuen gol erabakigarria, partida bukatzeko 5 minutu falta zirela.


Orue eta Dunfermline Athletic FC taldearen kapitaina San Mamesen.

• 68/69 denboraldiko Azoka Kopan Glasgowko Rangers FC taldearen aurka egokitu zitzaien, final laurdenetan. Ibrox Park zelaian 4-1 irabazi zuten bertakoek, eta San Mamesen lortutako 2-0ko emaitza ez zen nahikoa izan, noski. Kroniken arabera, Athleticek gehiago merezi izan zuen, eta kanporaketak berea izan behar zuen, baina punteria falta eta joaneko partidako emaitzaren alde handia aurka izan zituzten. Rangers taldea Athleticen beste ezagun baten aurka erori zen, Newcastle United. Azkenean, hori izango zen txapelketako irabazlea.


Rangers FC taldearen aurkako partida San Mamesen.

• Bi kanporaketen inguruko bitxikeria moduan, esan behar da Manchester United taldeko Sir Alex Ferguson entrenatzailea Dunfermline eta Rangers taldeetako kidea zela Athleticen aurka jokatu zutenean. Pars-ekin lehen bi norgehiagokak jokatu zituen, eta play off-a galdu. Rangers taldearekin joaneko partida jokatu zuen eta urdinen lehen gola egin zuen. Alex Ferguson berriz gurutzatuko zen lehoiekin, deabru gorrien entrenatzaile gisa, Bielsaren Athleticen aurka.

Lagun artekoak eta OCM Billy McNeillentzat

Lagun arteko partiden zerrenda Dundeek hasi zuen 1923an, eta honakoek osatzen dute: Motherwell, 1927an (3-1eko garaipena) eta 1960an (3-2eko emaitza, porrota), berriz Rangers 1974an (0-1eko ), eta Celtic (0-0) San Mamesen, 2011n.
Aipatu behar da Athletic Club eta Celtic taldearen arteko harreman estua, eta jokalari handienetako bati eman zitzaion One Club Man saria, Billy McNeill (Rest in peace, Cesar), 2019an.

Gales

Athletic Clubek bi galestar talderen aurka jokatu du historian zehar. Etzi, maiatzak 22, 93 urte beteko dira horietako lehenaren aurka aritu zenetik: Swansea City (orduan, Swansea Town izena zeukan oraindik). 1927an izan zen, beraz, San Mamesen, eta galestarrek 1-2 irabazi zuten. Futbol ingelesaren liga sisteman integratuta, jokalari zuri-gorri izandako Fernando Llorente Swansea taldeko kide izan zen, eta 2016/17ko Premier ligako azken jardunaldietan irautea lortu zuten. Gaur egun, bigarren maila ingelesean dabil, Football League Championship.


Swansea City taldearen hamaikakoa San Mamesen.

Athletic aurkari izan den beste galestar klub handia, Wrexham-en baimenarekin, Cardiff City izan da. Lehoien aurkari izan zen 2013/14 aurre-denboraldian, eta Bluebirds izenekoen taldeak 2-1 irabazi zuen Cardiff City Stadium zelaian.

• Azkenik, bitxikeria bat: gizonezkoen taldeak britaniar irletako 50 kluben aurka jokatu du 130 urteko historian; 43 ingeles, 12 eskoziar, eta 2 galestar; baina ez du inoiz irlandarrik izan aurrez aurre. Aldiz, nesken taldeak 10-3 irabazi zion Ipar Irlandako Newtownabbey Strikers taldeari, 2004/05eko Women’s Champions League lehiaketan.

Argazkiak: Athletic Club Museoa