undefined

Hiru urte pasa dira hiru jokalari historikoren agurratik

Hiru urte pasa dira hiru jokalari historikoren agurratik

Eli Ibarrak, Iraia Iturregik eta Irune Muruak euren ibilbide luzeagatik omenaldia jaso zuten Lezaman orain dela hiru urte

Urtebete igaro zen Eli Ibarrak, Iraia Iturregik eta Irune Muruak Athleticen ligako azken titulua lortu zutenetik. 2017ko maiatzaren amaieran, hiru lehoiek bat egin zuten ibilbide zuri-gorri luzeari amaiera emateko, klubean hamarkada bat baino gehiago egon ondoren. 2016-2017 denboraldiko azken jardunaldian, hiru futbolariek agur esan ahal izan zieten zaleei Lezaman. Joseba Aguirreren neskek etxean garaipena lortu nahi zuten eta Bartzelonako RCD Espanyol zuten bisitari. Hirurak hasierako hamaikakoan agertu ziren, Iraia bera kapitaina izanez.

“Perico” taldea markagailuan aurreratu zen 31. minutuan. Bigarren zatian agur esaten hasi ziren. Eli Ibarra izan zen ordezkatu zuten lehena. Athletic Clubeko aurrelari historikoak, ia negarrez, eskuak burura eraman zituen agur esateko unea iritsi zela adierazten zuen keinu batez. Irune Murua bigarrena izan zen zelaitik irteten, partida berdindu eta gutxira. ‘9′ zenbakidunak lekua utzi zion Yulema Corresi. Emozioa nagusi zen Lezamako harmailetan, gol eta txaloen artean. Iraia Iturregik asistentzia handia eman zuen Erikak 3-2koa lor zezan, bere besokoa Vanesa Gimberti eman aurretik. Harekin bat egin zuen besarkada batean, berdegunetik alde egitean.

Partida amaitzean, taldekideek eta harrobikoek ohorezko korridorea egin zieten hirurei. Dantzariek aurreskua eskaini baino lehen, Josu Urrutia presidenteak kamiseta oroigarria eman zien, bakoitzak zenbat partida ofizial jokatu zituzten zenbakiaz. 413 Eli Ibarrarentzat; 401 Iraiarentzat (bi aste geroago Erreginaren Kopako partida bat jokatu zuen eta 402 partidarekin amaitu zuen) eta 314 Irune Muruaren partidu kopuruarentzat.

Hiru historikoei ‘manteoa’ egin zitzaien. Oihane, Valdezate edo Azkona gazte-gazteak, orduan filialeko jokalariak, bere taldekideekin lotsati begira zeuden. Iraia eta Eliren agurrak ziklo amaiera ekarri zuen; Athleticen emakumezkoen lehen taldetik jarraitzen zuten azken biak ziren, 2002ko urriaren 6an Lehen Mailan hasi zena.