undefined

Urteurrena: Kopako finaletik urrats batera

Urteurrena: Kopako finaletik urrats batera

Orain dela bi urte lehoiek penalti-multzoan galdu zuten Bartzelonaren aurka Reusen jokatutako Erreginaren Kopako finalerdian

Bi urte igaro dira Reusen Athleticek penalti-multzoan kanporatze mingarria jasan zuenetik. Joseba Aguirreren neskak KO txapelketaren finalerdietara heldu ziren, Real Sociedad final-laurdenetan menderatuta. Final handirako txartela partida bakarrean erabaki behar zen Reuseko Udal zelaian. Norgehiagoka sutsu baten ondoren, luzapenarekin eta guzti, zorigaiztoko penalti-multzoa katalanen alde erabaki zen, gero finalean Atletico Madril menderatuta txapeldun izango zirenak. Ezinezkoa izan zen eta lehoiak Kopako final bat jokatzeko zorian berriro geratu ziren. Auskalo Villacamparen jokalariek hurrengo denboraldian izendatu gabeko egun baterako atzeratu den 19/20 edizioaren finalerako txartela lortuko ote duten. Zuri-gorriek ez dute Kopako beste finalik jokatu 2014ko ediziotik hona. Hain zuzen ere, 2014an FC Bartzelonak penalti-multzoan titulua lortzeko aukera kendu zien zuri-gorriei Ceutan.

 

Finalerdi zirraragarria Reusen

2018ko ekainaren 26an Kopako finalerdia jokatu zen Athletic Cluben eta FC Bartzelonaren artean. Reuseko zelaian haizeak lehoiekin bat egin zuen aurkaria urduri jartzeko lehen zatian. Gol aukerak izan arren, talde katalana izan zen markagailuan aurreratu zena Mariona Caldenteyren eskutik bigarren zutoinean korner batean. Bigarren zatian, gol aukera gehiago egon ziren: Alexia Putellasen jaurtiketa langara, Lucia Garciaren buruz burukoa, Pañosek ezeztatu zuena, Nekaneren beste aukera bat, Marionaren jaurtiketa estua…

Amaierarako hamar minutu falta zirela, Joseba Aguirreren neskek berdinketa lortu zuten. Eunate Arraizak jaurtiketa zuzen batean bikain egin zuen 81. minutuan. Bere aparteko ezkerkadak zuri-gorriak luzapenera eraman zituen. Denbora gehigarria hasi eta gutxira, Martensek katalanak aurreratu zituen berriro, baina Athleticek ez zuen inoiz amore eman eta zelai erdiko sakean berehala itzuli zion kolpea Bartzelonari. Erikak Lucia Garciari pase bikaina eman zion atea aurrean 94. minutuan. Aitaren batean, zuri-gorriek lehia berdindu zuten berriro.

Ezinbestean, 120 minutuak amaitu egin ziren penalti erabakigarriei bide emateko. Ainhoak Tony Duggani gelditu zion jaurtiketa. Garazi Muruak, ohikoa denez, baloia sareratu zuen suspensearekin. Larritsuna harmailetan, aulkietan. Nolakoa den futbola. Partidan Athletic bizirik mantentzeko gola sartu zuten bi jokalariek, Eunatek eta Lucia Garciak, huts egin zuten euren txandan. Pañosek lehoien kopako ametsa bertan behera utzi zuen. Kanporaketa itzela izan zen, baina penaltietako porrotarekin (3-4) Erreginaren Kopako arantzatxoa bere horretan mantendu zen. Reusena bezalako partidek ziurtatzen dute KO txapelketa Athletic Clubeko futbolariek lortu nahi duten titulua dela.