undefined

Zuzendaritza Batzordearen proposamena 2020ko urteko kuotei buruz

Zuzendaritza Batzordearen proposamena 2020ko urteko kuotei buruz

Bazkideek kuotaren %21,05eko aurrerakina eskatu ahal izango dute, Zuzendaritza Batzordeak Batzar Nagusiari onartzeko aurkeztuko dion konpentsazioaren kontura

Athletic Clubeko bazkide agurgarriak.

Egun hauetan, bizi dugun normaltasunera itzultzeko prozesuaz gain, jokatzeko geratzen zaizkigun 2019/2020 Ligako partiden lehiaketara itzuliko garela ezagutu da, ateak itxita bada ere.

Athletic Clubeko bazkideok gure Estatutu Sozialetan aitortuta ditugun eskubideetako batean (13. artikulua, K letra) eragin zuzena dute publikorik gabeko partidek, hau da, “Liga eta Kopa txapelketetan, Elkarteak antolatzen dituen partidu guztietara doan sartu ahal izateko eskubidea, Zuzendaritza Batzak ‘Klubaren eguna’ izendatzen duen partiduan izan ezik. ‘Klubaren Eguna’ egun bakarrean edo ‘Klubaren Egun Erdia’ izeneko bi egunetan egin ahal izango da, eta horietan, Zuzendaritza Batzak ezartzen duen zenbatekoa ordaindu beharko dute bazkideek sartu ahal izateko (…)”.

Alde horretatik, eta bere ahalmenen esparruan, Athletic Clubeko Zuzendaritza Batzordeak jarraian azalduko ditugun erabaki batzuk hartu ditu.


AURRETIAZKO GOGOETAK

Aldez aurretik, garrantzitsua da kontuan hartzea proposamena nahitaez baldintzatzen duten zenbait gogoeta:

  •   Bazkide-kuotak urte natural bat hartzen du (urtarriletik abendura).
  •   Bazkideen betebeharren artean, gure Estatutuen 14. artikuluan araututakoen artean, honako hau dago: “Kuotak ordaintzea, bai eta Zuzendaritza Batzak, Batzar Nagusian erabaki ondoren ezartzen dituen derrama eta ekarpen bereri guztiak ere”. Beraz, Batzarrak du kuotak onartzeko ahalmena; eta hortaz, Zuzendaritza Batzordeak kuotak aldatzeari buruz egiten duen edozein proposamen nahitaez onartu behar du Bazkide Konpromisarioen Batzarrak.
  •   Batzar Nagusiaren eskumena da, gainera, Klubaren Kontuak eta Aurrekontuak onartzea.
  •   2019/2020 Ligako denboraldia amaitzeko 6 partida jokatzeko zeuden aurreikusita San Mamesen, eta horietatik 2 (Atletico Madril eta Real Madril) Zuzendaritza Batzordeak Klubeko Egun Erdiak izendatu zituen.
  •   Aurtengo denboraldian eta 2020/2021 denboraldian jokatzeko zain dauden partidak eta jokatu beharreko modua (osasun-baldintzak, edukiera, etab.) CSD, RFEF, LaLiga eta osasun-agintarien erabaki koordinatuen mende egongo dira.
  •   Urteko kuota gizonezkoen futbol profesionalaren kostuetara bideratzen da, eta horrek San Mamesen partidez gozatzea ahalbidetzen digu, baina bazkide gisa ditugun eskubideak eta betebeharrak ere betetzen ditu, eta gure funtsa diren jarduerak garatzen laguntzen du: harrobiko jokalarien prestakuntza, beheko kategorietako entrenatzaileak, kategoria horietako joan-etorriak, zerbitzu medikoak, emakumezko zein gizonezko jokalarien egoitza, entrenamenduetarako garraioa, hitzartutako klubentzako laguntzak, emakumezkoen futbolaren garapena, Lezamako instalazioen mantentze-lanak, etab.

 

ZUZENDARITZA BATZORDEAREN PROPOSAMENA ATHLETIC CLUBEN OHIKO BATZAR NAGUSIARI

Aurreko guztia oinarri hartuta, Athletic Clubeko Zuzendaritza Batzordeak Ohiko Batzar Nagusian ondorengo proposamenaren aurkezpena eta bozketa egingo du bazkideak konpentsatzeko, 2020an San Mamesen ateak itxita jokatzeagatik gozatu ezin izan duten Liga eta Kopako txapelketetan sarrera libreko partidak direla medio:

  1. Konpentsazioa zenbatzeko oinarri gisa kuotaren %70 zehaztea, futbol profesionalaren garapenarekin zuzenean lotuta dagoelako.
  2. Ateratzen den zenbatekoa sarrera libreko partiden artean (Liga eta Kopa, Klubaren Egunak/Egun Erdiak izan ezik) zatituko da, 2020an San Mamesen jokatzekoak zirenak, eta hortik aterako da Partida bakoitzeko Kostua.
  3. Bazkideak konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango du, eta zenbateko hori partida bakoitzeko kostua, ateak itxita jokatzeagatik ezin joandako sarrera libreko partida kopuruarekin biderkatzetik aterako da.

 

KONPENTSAZIO-FORMULAK

Athletic Clubek bere bazkideei eskainiko dizkien formula hauek aurkeztuko ditu Batzarrean, horietako bat aukera dezaten:

  1. Ateratzen den diru-kopurua itzultzea, aldez aurretik erregularizatuta, baldin eta bazkideak aurrerago azalduko den aurrerakina eskatu badu.
  2. Ateratzen den kopuru ekonomikoa 2021eko urteko kuotan deskontatzea.
  3. ATHLETIC BONU bat erostea, ateratzen den zenbateko ekonomikoaren baliokidea gehi beste %25 bat, Athletic Clubeko Denda Ofizialetan zein Tabernan eta San Mameseko Jatetxean kontsumitzeko, San Mameseko zelaiaren eta erdiko eraztunaren eserlekuak erosteko edo Athletic Museora sartzeko.
  4. Ateratzen den diru-kopurua ematea Athletic Clubekin hitzartutako taldeen alde.

 

BEREHALA APLIKATZEKO NEURRIA, ZUZENDARITZA BATZORDEAK ONARTUA

Baldintzak azalduta, zailtasun ekonomikoak izan ditzaketen bazkideak kontuan hartuta eta erabaki bat hartzeko Klubaren Batzar Nagusia egin arte itxaron behar ez izateko, Athletic Clubeko Zuzendaritza Batzordeak erabaki du, lehenengo neurri gisa, bazkideek urteko kuotaren %21,05eko konturako aurrerakinaren konpentsazioa eskatu ahal izatea, Zuzendaritza Batzordeak neurri hori onar dezan Batzarrari aurkeztuko diolarik.

Aipatutako portzentajea honela kalkulatzen da: 2019/2020 denboraldian San Mamesen jokatzeke dauden sarrera libreko 4 partidak, bazkideentzako sarrera libreko 19 partidekin (17 Ligan eta 2 Kopan: final-laurdenak eta finalerdia FC Bartzelona eta Granada CF taldeen aurka) zatitzetik. Kanpo geratzen dira bi Klubeko Egun Erdiak.

Horretarako, Athletic Clubek web orrialdeko Bazkideen Txokoan atal zehatz bat prestatuko du datorren ostegunetik, ekainak 4, eta 2020ko uztailaren 24a, ostirala, arratsaldeko 17:00ak arte, bazkideak eskaera egiteko.