undefined

San Mamesek Eurokopako txapeldunak erakutsiko ditu

San Mamesek Eurokopako txapeldunak erakutsiko ditu

Athletic Clubeko Museoak aldi baterako erakusketa berria izango du datozen asteetan

AC Museoak ‘Eurokoparen txapeldunak’ bilduma erakutsiko du. Erakusketa honek futbolaren mende erdia baino gehiago berriz bizitzeko aukera ematen du, publikoari lehen aldiz aurkezten zaizkion pieza original eta bakarren bidez. Erakusketa honetako 250 metro karratuetan jatorrizko 50 pieza baino gehiago biltzen dira, horien artean 1960tik 2016ra Eurokopa irabazi duten selekzioetako jokalari esanguratsuenetako batzuen kamisetak nabarmentzen direlarik: Yashin (1960), Iribar (1964), Zoff (1968), Netzer (1972), Panenka (1976), Rummenigge (1980), Bellone (1984), Van Basten (1988), Larsen (1992), Eilts (1996), Zidane (2000), Charisteas (2004), Casillas (2008), Iniesta (2012) eta Ronaldo (2016).

Erakusketa Museoko bildumaren piezetatik abiatzen da, Jose Angel Iribarren funtsetik hain zuzen ere, eta futbol-museoetatik, federazioetatik, klubetatik edo partikularretatik, eta munduko bilduma pribatu garrantzitsuenetako batzuetatik datozen objektuen lagapenari esker osatu da.