
Iraragorrik Alavesi egindako zortzi golak
Iraragorrik Alavesi egindako zortzi golak
90 urte bete dira Athletic Clubeko futbolariak lortu zuen gertaera gogoangarritik
1930eko ekainaren 9an, duela 90 urte, Athletic Clubeko Jose Iraragorrik zortzi gol sartu zizkion Alavesi 8 eta 2ko emaitzarekin bukatu zen Bergaran jokatutako lagunartekoan. Athletic txapeldun izan zen urte hartako liga txapelketan eta partida hau titulua lortu ondoren jokatu zen.
Bitxia bada ere, gure futbolari ohiaren eta babazorroen arteko idilioak 30eko hamarkadan jarraitu zuen: 1933/34 denboraldiko Eskualde Txapelketan, Iraragorriren hat-trickarekin, Athleticek 8-0 irabazi zion Alavesi San Mamesen, eta hurrengo urtean, txapelketa berean, zazpi gol sartu zizkion 10 eta 0ekoarekin bukatu zen partidan.
Jose Iraragorri Ealo Basaurin jaio zen 1912ko martxoaren 16an eta Galdakaon hil zen 1983ko apirilaren 27an. ‘El Chato’ ezizenez ezaguna, hamar denboraldiz aritu zen Athleticen. 240 partidetan 179 tanto egin zituen, eta 0.75 goleko ratioa lortu zuen; gure erakundeko golegile historikoen zerrendan 5. postuan dago. Jokalari bezala, bost Eskualde Txapelketa, lau Liga eta beste lau Kopa irabazi zituen.
Athletic Clubeko lehen aurrealde mitikoko kidea izan zen, Lafuente, Bata, Chirri II eta Gorostizarekin batera. Erretiratu ondoren, entrenatzaile bezala karrera egin eta gure aulkia hartu zuen, 1950ean Kopa eta Eva Duarte Kopa irabaziz.