undefined

Vanesa Gimbertek 2021era arte berritu du

Vanesa Gimbertek 2021era arte berritu du

Zuri-gorriak beste denboraldi baterako luzatu du kontratua eta, 40 urterekin, txapelketako jokalaririk beteranoena izaten jarraituko du

Athletic Clubek eta Vanesa Gimbertek lortutako akordioaren arabera, atzelari zuri-gorriaren kontratua beste denboraldi baterako luzatu da. Gimbertek, 40 urte bete berri dituena, lehoi izaten jarraituko du 2021eko ekainera arte, eta beraz, Primera Iberdrolako jokalari beteranoena izaten jarraituko du.Bergarakoak, profesionaltasunaren eredu, zortzigarren denboraldia beteko du zuri-gorrien atzealdean. Kapitainak 200 partidako marka gainditu zuen urtarrilean eta duela gutxi egindako prentsaurreko birtual batean Athletic Club bere azken kluba izango dela aitortu zuen: “Oso pozik nago hemen eta zazpi urte dira jada. Iñigo Juaristik denbora asko zeraman nire atzetik eta azkenean urte horretan baiezkoa eman nion eta oso pozik nago. Ez dakit lehenago etorri behar nuen ala ez, baina oso pozik bere garaian hartutako erabakiarekin eta hementxe erretiroa hartuko dudala argi dago”.

21 urtz emakumezkoen futbolaren maila gorenean eta 12 tituluren ondoren, Vanesak aldagelako liderra izaten jarraituko du. Athletic Clubeko emakumezkoen taldearen historian 40 urte bete dituen jokalari bakarra da. Gainera, erdiko atzelariak 86 partida oso-osorik jarraian jokatu ditu lehen taldean, izan ere, 17-18 denboraldian eta 18-19 denboraldian ligako eta kopako minutu guztiak jokatu zituen. Gipuzkoarra 33 urterekin iritsi zen Lezamara RCD Espanyoletik, eta ordutik bere esperientzia, irizpide eta zorroztasun taktikoaren maila erakutsi du.

Bere ibilbide ezin hobea beste urtebetez luzatuko duela erabaki ondoren, gogotsu eta ilusioz agertu da lehoi beteranoa: “Jasan dugun konfinamendu honek burua geldiarazi dit eta bihotza askarazi. Maila gorenean bi hamarkada eman ondoren, lehen eguneko gogo eta ilusio berberari eusten diot, eta taldeari laguntzen jarrai dezakedala uste dut. Agurra iritsiko da, baina ez da gaur izango. Harro egoteko modukoa izango da kamiseta hau defendatzen jarraitzea”