undefined

Garitano: “Ideiak argi ditugu”

Garitano: “Ideiak argi ditugu”

Athletic Club berehala itzuliko da txapelketara eta entrenatzaile derioztarrak uste du ez dagoela “zure herriko taldea defendatuz itzultzea baino motibazio handiagorik”

Gaizka Garitanok agerraldia egin du gaur goizean Lezamako prentsa aretoan. LaLigari berri ekingo diote bihar lehoiek eta horren harria komunikabideek telematikoki helarazi dizkioten galderei erantzun die entrenatzaileak.

Athleticek Atletico Madrilen aurka neurtuko ditu indarrak bihar (14:00etan) San Mamesen, “munduko talderik onenetako baten aurka”, Gaizkaren arabera. “Buelta asko eman dizkiogu partida honi eta zelaian egin nahi ditugun gauzak argi ditugu. Taldea ondo prestatu da eta irabazteko jokatuko dugu”, azaldu du entrenatzaile zuri-gorriak.

Garitanok “kontzentrazio osoaren” garrantzia azpimarratu du: “Ura edateko geldialdiak eta aldaketak kontuan hartu behar ditugu. Bigarren zatian ez dira minutu asko jokatzen, eta ondo moldatu behar dugu, kontzentrazioak hutsik ez egiteko”.

Derioko entrenatzaileak Ligako taldeen ziurgabetasunaren inguruan ere hitz egin du: “Inoiz izan ez ditugun baldintzetan itzuliko gara, lagunartekorik jokatu gabe eta denak batera oso gutxi entrenatuz. Ez dago aitzakiarik talde guztientzat horrela izan delako. Egunero-egunero egokitzen jakin behar dugu, erritmoa oso zorrotza izango baita. Taldea osorik entxufatuta egon beharko da, hiru egunetik behin jokatuz gero, denei tokatuko baitzaie irtetea”.

Azkenik, Gaizkak ezbeharren aurrean bere jokalariek duten motibazioaz hitz egin du: “Ez dut motibazio handiagorik aurkitzen futbolaren munduan zure herria eta zure taldea ordezkatu ahal izatea baino, hemengo jendearekin jokatuz, Athleticen elastikoarekin, gauzak egiteko dugun modua defendatuz. Honetan daramadan urteetan ez dut horrelakorik ikusi herrialde bateko talde batean ere”.