undefined

Jone Ibañezek beste denboraldi batez sinatu du

Jone Ibañezek beste denboraldi batez sinatu du

Galdakaoko erdilaria larri zauritu zen iragan denboraldian, eta 2021eko ekainera arte sinatu du talde zuri-gorrian

Athletic Clubek eta Jone Ibañezek (1997-07-22) akordioa lortu dute erdilariaren kontratua 2021eko ekainera arte luzatzeko. Galdakaokoak seigarren denboraldiari ekingo dio. Urrian ebakuntza egin behar izan zioten ezker belauneko errotulan lesio bat izan eta gero, Jone hurrengo denboraldian plantila indartzeko jokalari bat izatea espero da; izan ere, 2019/2020an 250 minutu baino ez ditu jokatu.

2012-2013 denboraldian iritsi zen Lezamara, Galdakaotik, filialean jokatzeko, eta 2015eko apirilean lehen taldean debutatu zuen, Paternan, 0-2ko garaipenaz. Hurrengo denboraldian liga titulua lortu zuen lehen eta bigarren taldeen artean jokatzen ari zela. 2018-2019 denboraldian, bere urterik erregularrenean, ligako 25 partida eta Kopako bat jokatu zituen. Azken denboraldian Angel Villacamparen hamaikakoan leku bat lortu zuen, Betisen aurka Lezaman lesionatu baino lehen.

“Berriro futbolari naizela sentitu nahi dut”

Jone erdilari sendoa da markaketan, langilea eta lehiakorra. 62 partida jokatu ditu guztira eta bi gol sartu ditu lehen taldearekin. Lehoia baikor agertu da datorren denboraldiari begira: “Talde osoarekin entrenatzen hasteko gogo handiak dut, aurten lesioagatik zaila izan baita. Nire onena emango dut ahalik eta minutu gehien irabazteko. Lanean jarraituko dut, zelaian berriro futbolari naizela sentitu nahi dudalako”.

Errotula-ebakuntzaren osteko azken errekuperazio-fasean aitortu duenez, “ondo eraman dut eta positiboa izaten saiatu naiz. Urte desberdina izan da zentzu guztietan; izan ere, konfinamendua ez da erraza izan inorentzat, eta niri epeak atzeratu dizkit pixka bat, baina lanean ari naiz lehenbailehen itzultzeko. Gogo handiak dut taldekide guztiekin berriro entrenatzeko”.