undefined

Garitano: “Oraina eta etorkizuna dago taldean”

Garitano: “Oraina eta etorkizuna dago taldean”

Garitanok Mallorcaren aurkako garaipenean jokalari gazteek izan duten garrantzia azpimarratu du: “Oso pozik nago, oro har, talde osoarekin. Oso entxufatuta ikusten ditut denak”

Gaizka Garitanok agerraldia egin du San Mameseko prentsa aretoan, Athleticek Mallorcari 3-1 irabazi ostean. Entrenatzaile zuri-gorriak taldearen eraginkortasuna azpimarratu du aurkariaren arearako lehen bi hurbilketetan: “Izan ditugun lehen bietan asmatu dugu gola egiten. Baloiarekin kosta egin zaigu, baina ondo konpondu dugu partida”.

Garitanok gaurkoan jokalari gazteenek izan duten garrantzia goraipatu du: “Oso pozik nago Oihan Sancet eta Asier Villalibreren golekin. Gaur egungo eta etorkizuneko jokalari gazteak ditugu taldean, eta gaurko partidak konfiantza handiagoa emango die. Oso harro nago taldeaz oro har, denak oso entxufatuta ikusten ditut”.

Europako borrokaz galdetuta, “mahai gainean kolpea emateko ordua heldu da. Plaza hori lortu nahi baduzu, talde indartsuen gainetik egon behar duzu, eta horretarako irabazi egin behar zaie. Oso partida zailak datoz, gainditu nahi ditugun aurkari zuzenen aurka”.