undefined

Aurkariak herrialdeka: BRASIL

Aurkariak herrialdeka: BRASIL

Athletic Clubek 11 talde brasildarren aurka jokatu du historian zehar. Vasco de Gama izan zen, duela 63 urte, zerrendako lehena

1947ko ekainaren 29an Athletic Clubek Brasilgo talde baten aurka jokatu zuen lehen aldiz; Vasco de Gama taldearen aurka, hain zuzen. Lehoiek 3-2 irabazi zuten Teresa Herreraren II. Edizioan. Sona handiko garaipena izan zen Carioca Txapelketako txapeldunen aurka. Partidak ikusmin handia piztu zuen, eta finalaren egunean Gaceta del Norte egunkariaren titularrak horrela zioen, “Ehun bat irratik partidaren berri emango diote munduari”. Riazor estadioko harmailak banderaraino bete ziren, astebete lehenago gertatu ez zena, Real Madril eta Españolen arteko Kopako finalean. Kroniken arabera, partida bikaina izan zen, eta zuri-gorriek hasieratik nagusitu ziren, joko oso azkarra eta pase luzeak eginez.

Athletic Club – Vasco de Gama. Teresa Herrerako finala, 1947. Kapitainak: Lelé eta Bertol.

Vasco de Gama taldea, 11 klub brasildar osaturiko zerrenda baten lehen aurkaria da, guztira 19 aldiz aurrez aurre izan ditugunak, horietako bat ere ez modu ofizialean, partida gehienak udako torneo ospetsuen parte izan ziren arren.

Aurkarien artean Rio de Janeiroko lau klub handiak daude: Flamengo (3 partida), Vasco de Gama (3), Fluminense (1) eta Botafogo (3); Sao Pauloko hiru: Palmeiras (1), Santos (1) eta Portuguesa (1); Minas Geraiseko bi: Cruzeiro (1) eta Atletico Mineiro (3); eta Rio Grande do Suleko bi: Gremio Porto Alegre (1) eta Gremio Esportivo Nacional (1). Talde historiko handien artean, Corinthians, Sao Paulo eta Internazionala baino ez dira falta. Zenbaketa orokorrean, Athleticek 8 garaipen, 7 berdinketa eta 5 porrot lortu ditu.

Udako torneoak

1947ko Teresa Herreraren ostean, Athletic Clubek beste hamabi aldiz jokatu du talde brasildarren aurka udako torneoetan, San Mamesen egindakoak barne.

• Athleticek aurkaria eta txapelketa errepikatu zituen 1957an, baina bigarren aldi honetan 4-2 galdu zuen Vasco de Gama taldearen aurka Teresa Herrera XII. Edizioan. Bilbao eta Etxanizen golak ez ziren nahikoa izan 40.000 ikusle baino gehiagoren aurrean.
Portuguesa Desportesen aurkako 2-2ko berdinketa, eta Koldo Aguirreren bi golak, ez zen nahikoa izan Bartzelonako Torneoa 1963an irabazteko, triangeluarrean galdu baitzuen Espanyolaren aurka (2-1).
• 1968an, Bartzelonan, lehoiek ezin izan zuten sailkatu Gamperreko finalera Flamengoren kontra galdu zutelako. Iribarren partida bikaina, baina brasildarrek 1-0 irabazi zuten.
• Zuri-gorriek 3-1 irabazi zioten Cruzeirori 1976ko Madrilgo IV. Txapelketan. Finalean, aldiz, koltxoneroen kontra 1-0 galdu zuten.
• 10 egun geroago, baina 1976ko Ramon Karrantzako Trofeoan, lehoiek faboritoak garaitu zituzten, Palmeiras taldea, 2-1, Amorrortu eta Garayren golekin. Finalean berriro galdu zuten Atletico Madrilen aurka (1-0).
• Lehoiek 0-3 galdu zuten Botafogoren aurka eta azken postuan geratu ziren 1979ko Athletic Nazioarteko Txapelketan. Finalean, Nottingham Forestek irabazi zion 2-1 Dinamo Bukarest taldeari.
• Hiru aste geroago, 1979ko Vigo Hiria Trofeoko finalean, Athleticek errebantxa hartu zuen eta penaltietan Botafogo kanporatu zuen, 1-1 berdindu ondoren. Anfitrioien aurka, zuri-gorriek irabazi zuten txapelketa, celtiñak penalti txandan mendean hartuta.
• 1982an zortea aldrebesa izan zen eta Athleticek bere Nazioarteko Txapelketan Atletico Mineiroren aurka galdu zuen, partida 0-0 bukatu ondoren. De Andresek eta Sarabiak huts egin zuten euren penalti jaurtiketak.
• 1984ko Teresa Herreraren XXXIX. Edizioan Athleticek 83. minutuan 2-0 irabazten zuen Vasco de Gama taldearen aurka, Endikaren eta Sarabiaren golei esker. Hala ere, Brasildarrek zuri-gorrien konfiantzaz baliatuz 2-2 berdindu zuten azkenengo minutuetan eta finalerako txartela irabazi zuten penaltietan.
Atletico Mineiro izan zen Athleticen aurkaria 1985ean Olympisch Stadionen jokatu zen Armsterdamgo Txapelketan. Zuri-gorriek 3-1 galdu zuten eta ez zuten finala Ajaxen aurka jokatu.
Atletico Mineiroren aurkako errebantxa Logroñoko Iberiar Torneoko kontsolazio finalean iritsi zen 1992an. 3-1 bilbotarrentzat, Carlos Garcia, Luke eta Uribarrenaren golekin.
• San Mamesen 80. urteurrena ospatzeko egindako txapelketan, Athleticek Flamengo gainditu zuen penaltietan, 1993an. Guerrerok eta Eskurzak 2-2koa jarri zuten 90. minutuan eta Valverdek, Larrazabalek, Eskurzak, Larrainzarrek eta Lukek penalti erabakigarriak egin zituzten. Finalean, zuri-gorriek 0-1 galdu zuten Valentziaren aurka Katedralean.

Omenaldiak, euskara eta argi artifiziala

Udako txapelketetako norgehiagokez gain, Athletic Clubek lagunarteko beste sei partida jokatu ditu aurkari brasildarren aurka. Horien artean, 1962ko apirilean Flamengoren aurka izandako norgehiagoka nabarmentzen da, San Mamesen argiztapen artifizialaren estreinaldia suposatu zuena. Lehoiek 5-1 irabazi zuten, Iturriaga, Mauri (2) eta Koldo Aguirreren (2) golei esker.

1985ean, eta SEASKAren eta euskararen alde Iparraldean, Athleticek 2-0 irabazi zion Botafogori Baionan. Gallegok eta Urtubik sartu zituzten golak.

1989an eta 1994an, Bazkidearen omenezko bi partida jokatu ziren, Fluminense eta Gremio Esportivo talde brasildarren aurka. Lehena 0-0 bukatu zen eta bigarrena 2-0 Athleticen alde. Beste omenaldi bat, Estanis Argoteri hain zuzen, 1990ean ospatu zen Santosen aurka. Brasildarrak 0-2 nagusitu ziren.
Oraingoz Gremio Porto Alegre izan da Brasilgo azken aurkaria. 1997an, zuri-gorrien denboraldi-aurrean, lehoiek 1-1 berdindu zuten Barakaldon gauchoen aurka.