undefined

“Maila altua eman beharko dugu”

“Maila altua eman beharko dugu”

Gaizka Garitanok Valentziaren aurka Mestallan jokatu beharreko partidaren garrantzia azpimarratu du eta bere taldeak maila altua izatea espero du ere, Europako borrokan sendo jarraitu ahal izateko

“Sei partida falta direla hor gaude, jarritako helburua lortzeko borrokan. Orain maila altua eman behar dugu Europan sartu ahal izateko. Ez gaude urruti”. Gaizka Garitano itxaropentsu eta sendo agertu da Athletic Clubek eta Valentziak Mestallan (bihar, 19:30etik aurrera) jokatuko duten 33. jardunaldiko partidaren atarian eman duen prentsaurrekoan.

Zazpigarren postua partida bat baino gutxiagora izanda -bi puntura-, Garitanok valentziarren aurkako norgehiagokaren garrantzia azpimarratu du, “aurkari zuzena” baita: “4 puntu dira bihar jokoan daudenak: hiru garaipenagatik eta gol averagekoa. Emaitza bat ala bestea izanik partida gehiago izango ditugu aurretik, baina aurkari zuzen baten aurka garrantzi handiagoa hartzen duen neurketa da hau”.

Igoerarekin jarraitzeko, une onean ez dagoen eta entrenatzaile aldaketa izan duen talde bati aurre egin beharko diote lehoiek, baina Derioko entrenatzaileak ez da helburuaz aldentzen: “Ez naiz fidatzen. Valentziarik onena espero dut, oraindik etxean galdu ez duen taldea. Partida ona egin beharko dugu eta gauzak ondo egin irabazi ahal izateko. Fede handia duen taldea gara eta ahalegin berezia egin behar dugu orain. Talde gose eta gogotsu dago”.