undefined

Aurkariak herrialdeka: ITALIA

Aurkariak herrialdeka: ITALIA

1956ko Copa Latina txapelketako finalean AC Milan taldearen aurka lehiatu ginen, duela 64 urte. Hori izan zen Athletic Cluben aurka historian zehar jokatu duten 20 talde italiarretatik lehena

Gaurko egunez, uztailak 3, baina 1956an, Athletic Clubek italiar talde baten aurka jokatu zuen lehen aldiz, AC Milan taldearen aurka, hain zuzen. Lehoiek Liga eta Kopa irabazi zituzten denboraldi zoragarri baten ostean, eta Copa Latina txapelketako finala 3-1eko emaitzarekin galdu zuten, historia zuri-gorriaren lehenengo europar finala. Artetxek egin zuen gola, eta beste bi jaurtiketa ere izan ziren, Arieta eta Artetxe berarenak, baina emaitzarik gabe. Kroniken arabera, Athleticek topaketa mendean hartua zeukan, baina garesti irten zitzaion punteria falta. “Partida honetan argi geratu da menderatzea ez dela beti gobernatzea”, esan zuen Gaceta del Norte egunkariko berriemaile bereziak. Finalerdietan OGC Nice taldeari 2-0 irabazita, Athletic txapeldunorde geratu zen. Egungo Champions League (Europako Kopa) txapelketaren aitzindaria izan zen Copa Latina izenekoa. 1949 eta 1957 urteen artean jokatu zen eta Frantzia, Italia, Portugal eta Espainia aritu ziren aurrez aurre.

AC Milan taldea izan zen 20 italiar klubez osatutako aurkari-zerrendako lehena. 48 aldiz jokatu dugu talde horien aurka, eta horietatik 20 partida europar kanporaketei egokitu zaizkie. Guztira, Athleticek 20 partida irabazi ditu, 13 berdindu eta 15 galdu.

64 urteotan Athletic Club Italiako talde sendo eta tradizio handikoenen aurka aritu da, hau da, A serieko sailkapen historikoan edo tituluen zerrendan goiko aldean daudenak. AC Milan taldearen aurka 7 aldiz aritu da Athletic Club. Juventus taldearen aurka ere beste horrenbeste. Gainerako italiar aurkariak Inter, Roma (4), Napoli (3), Lazio (2), Bologna, Catania (2), Chievo Verona, Fiorentina (3), Genoa, Palermo, Parma (3), Perugia, Sampdoria (2), Ternana, Torino (4), Udinese, US Sassuolo (2) eta Verona izan dira.

Partida nabarmenak
Athletic Club 11 aldiz aritu da italiar arerioen aurka europar kanporaketetan. Guztira, 20 partida izan dira. Horietako batzuk gorriz markatuta daude, daukaten garrantziagatik, hala nola AC Milán eta Juventusen aurka jokatutako europar finalak. Zuri-gorrien historian toki berezia daukate Genevako Luigi Ferraris zelaian Sampdoria taldearen aurka lortutako garaipenak eta Champions League lehiaketan Napoli taldearen aurka jokatutako play off partidak.

  • Athletic Clubek UEFA Koparen lehenengo finala galdu zuen Juventusen aurka 1977an, 1-0 Turinen eta 2-1 Bilbon. AC Milan taldearen aurkako Europako lehenengo finalean gertatu zen moduan, San Mameseko bueltako partidan erakutsitako maila ez zen nahikoa izan, eta etxetik kanpo egindako golen balio bikoitzak erabaki zuen nor izango zen txapelduna. Juvek 1988ko UEFAren hamaseigarrenetan kanporatu zituen zuri-gorriak, 5-1 Turinen eta 3-2 San Mamesen. 1998ko Champions Taldeen Fasean, mendeurrenaren urtea, Athleticek bi berdinketa lortu zituen Juveren aurka, baina ez zuen sailkatzea lortu.
  • Lehoiek Sampdoria taldearen aurka egin zuten 1997an, etxetik kanpo 1-2 (Rios eta Larrainzar), eta San Mamesen ere 2-0 irabazita (Larrazabal eta Ziganda). Hurrengo kanporaketan, Athleticek Aston Vilaren aurka galdu zuen final hamaseirenetan.
  • Champions League San Mames berrian estreinatu zen 2014ko abuztuaren 27an, Napoliren aurkako hil ala biziko kanporaketa batean. 1-1 Sao Paolon berdinduta geratu ostean, Athleticek Katedralean bere publikoaren aurrean aldarrikatu nahi zuen nagusitasuna. Zalez bete zen zelaia, eta gogo biziz animatu zuten. Adurizen bi gol, Ibairen beste bat eta Unai Lópezen debut handiari esker, 3-1eko emaitza lortu genuen.
  • Athleticek aukera izan zuen Copa Latinaren finaleko garaipena kitatzeko eta AC Milan taldea kanporatu zuen 76/77 denboraldiko UEFAren zortzirenetan.
  • Aurreko errondan Newcastle United taldearen aurka irabazi ostean, Parmak zuri-gorrien europar ametsari buelta eman zion 1994an. 1-0 irabazi zuen San Mamesen eta 4-2 galdu Ennio Tardini estadioan, eta amaiera polemikoa izan zen, Andrinuari pitatu ez zioten penalti bat zela eta. Parma Athleticekin gurutzatu zen berriz UEFAko Taldeen Fasean, 2004an. Partida bakarra, eta zuri-gorriek 2-0 irabazi zuten San Mamesen, Gurpegui eta Del Hornoren golak.
  • Torino taldeak ustekabean kanporatu zuen Athletic 2015ean. Turingo Olinpikoan egindako 2-2ko berdinketan, Williamsen estreinu-gola eta guzti, pentsa zitekeen emaitza positiboa izango zela San Mamesen, baina italiarrek 2-3 irabazi zuten eta ezin izan ginen UEFAren zortzirenetara igaro.
  • US Sassuolo izan da europar kanporaketako azken italiar aurkaria. 2016ko UEFAko Taldeen Fasean Athletic 3-0 erori zen Reggio Emilian, baina garaipena 3-2koa izan zen San Mamesen. Raúl García, Aduriz eta Lekue izan ziren golegileak, eta zuri-gorriek sailkatzea lortu zuten.
  • Lagunarteko partiden artean, Fabio Capelloren AC Milanen aurkako garaipena oso ospatua izan zen 1993an. Carlos Garciak eta Baresik (bere atean) sartutako golek italiarren 10 hilabeteko garaiezintasuna hautsi zuten.