undefined

“Detaile batek erabaki du partida”

“Detaile batek erabaki du partida”

Partida parekatua izan dela dio Garitanok, eta porrota deitoratu du jokalarien “lan handiaren” ostean

Gaizka Garitano pozik agertu da bere jokalarien ahaleginarekin, Ligako 34. jardunaldian Real Madrilen aurka porrota jaso arren. Entrenatzaileak honela aztertu du norgehiagoka: “Lehen 10 edo 15 minutuak hobeto atera dira eurak, baina lehen zatiko azken ordu erdian taldea oso ondo aritu da jokoan eta intentsitatean, eta hobeak izan garela uste dut. Bigarren zatian ez da arrisku jokaldirik egon. Eurek gehiago izan dute baloia, bai, baina ez dira arriskuarekin iritsi. Partida oso parekatua zegoen eta bagenekien minutuak aurrera joan heinean, xehetasun batek erabakiko zuela alde batera edo bestera. Penalti horretan joan zaigu partida”.

Azken unera arte txapelketako liderraren aurka puntuak lortzeko aukerak mantentzeko jokalariek egin duten lan handia azpimarratu du Garitanok: “Pena da jokalariek egin duten lan onarekin ezer ezin ateratzea. 70. minutura arte Real Madrili ia aukerarik ez eskaintzeko ahalegin fisiko handia egin behar duzu eta logikoa da azken minutuetan apur bat jaistea. Bagenekien akituta bukatu behar genuela partida. Orain jendea berreskuratu behar dugu eta Sevillako partida prestatu. Asteotan egin dugun lan bikainaren ostean, puntuak hirunaka batu behar tidugu, lau partida hauetan puntu mordoa beharko dugulako”.