undefined

“Oraindik borrokan gaude”

“Oraindik borrokan gaude”

Entrenatzaile zuri-gorriak hiru puntuak lortu nahi ditu bihar La Nucian, Levanteren aurka, Europako borrokan amaierara arte aukerak izateko

Gaizka Garitanok agerraldia egin du Lezamako prentsa aretoan, La Liga Santanderreko 36. jardunaldiko Levanteren aurkako partidaren atarian. Entrenatzaile zuri-gorriak, Ligako txapelketa bukatzeko 10 egun besterik geratzen ez direla jakitun, geratzen diren hiru partida hauetan dena ematearen garrantzia azpimarratu du: “Kontuak egitea alferrik da, biharko neurketan dugu burua bakarrik. Oraindik borrokan gaude eta Levanteren aurka irabazten badugu bukaerara arte aukerak izango ditugu“.

Europako postuetarako sailkatzeko zailtasunaz jabetuta, eta talde asko borrokan daudela kontuan hartuta, Garitanok argi ikusten du egin beharreko bidea: “Gainerako 9 puntuak lortzeko, lehendabizi bihar irabazi behar da. Garaipena lortzen badugu gertuago egongo gara eta bestela urrundu egingo gara. Hala da. Ondo prestatu eta partida ona egin behar dugu hiru puntuak lortzeko”.

Bihar Athleticek aurrean izango duen aurkaria ez da arlo fisikoan duen indarragatik bereizten, baina bai kalitateari dagokionez: “Levante oso ondo ari den taldea da eta gola sartzeko erraztasun handia duten jokalari asko ditu. Erasoko taldea da, futbol alaikoa eta gai dena erakutsi duena. Kontuz ibili beharko dugu”.