undefined

Emakumezkoen lehen taldeak esfortzu probak pasa ditu

Emakumezkoen lehen taldeak esfortzu probak pasa ditu

Denboraldi-aurreko bigarren astearen hasieran, lehen taldeko nesken osasun-egoera aztertu dute IMQ Zorrotzaurren

Athletic Clubeko emakumezkoen lehen taldeak azterketa medikoak egin ditu gaur goizean IMQko Kirol Medikuntzako Unitatean, Zorrotzaurre klinikan. Goizean goizetik, Angel Villacampak zuzentzen dituen jokalariek ohiko probak egin dituzte, COVID-19ren aurkako segurtasun neurriak errespetatuz.

Pablo Aranda doktoreak, IMQko Kirol Medikuntzako Unitatearen arduradunak, klubeko mediku-zerbitzuekin koordinatuta (Josean Lekue doktorea da buru), eliteko kirol-azterketa mediko osoa zuzendu du. “Taldea hobeto etorri da aurten. Astebete daramate entrenatzen, eta horrek fisikoki hobeto egotea eragin du “, adierazi du Arandak.

Azterketak osasun-egoera aztertu du: laktato proba egin dute jokalari bakoitzaren maila aerobikoa eta anaerobikoa identifikatzeko. Proba hori baliagarria da entrenamendu-saioak hobeto programatu ahal izateko. IMQk egindako azterketan test isozinetiko bat, indarrari eta giltzaduren mugikortasunari buruzko beste bat, elektrokardiograma bat eta esfortzu handieneko proba bat (zinta irristakorrean eta bihotz-pultsuak lortzea) ere jaso dira.

Lezaman bukatuko dute denboraldi-aurrea, liga irailaren 5ean hasi arte. Taldearen ilusioa azpimarratu du Erika Vazquezek: “Astebete daramagu eta gogotsu gaude. Denbora asko daramakigu une honen zain. Espero dut dena ondo joatea eta partidak lehenbailehen hastea. Denboraldi-aurrea ondo hasi da eta liga gogorra izango da”.